Askatasunik gabeko azken kanpaina
Hauteskunde kanpaina bukatzear dago normaltasun eza ezaugarri nagusi duela. PPren Gobernuak, PSOEk lagunduta, Terrorismoaren kontrako eta Libertateen aldeko Itunaren eta Alderdien Legearen bidez baztertze estrategia abian jarri zuenez geroztik euskal agertoki politikoan nagusi den normaltasun eza, alegia. Arestian esandako tresnek eta gisakoek ideien adierazpen librea galaraztea dute oinarri, eta agertoki politikoan ezartzen direnean, bilatutako helburua ere gainditu ohi dute ondorioek. Jakina denez, norbaiti askatasuna kentzeak gizartearen eskubideak murrizteko ondorio orokortzailea izaten du. Euskal Herrian ondorio biderkatzaile hori etengabea da, eta kanpainan bizi izandakoa begiratu besterik ez dago burua hautsi gabe ulertzeko alderdi guztiek ez dutela pozik egoteko motiborik, hauteskunde prozesua nola igaro den ikusita, ez baitu gutxieneko maila demokratikoa lortu.
Atzo Joxean Elola Getariako PSEren zerrendako bigarren hautagaiaren autoaren azpian «objektu su-eragile bat» aurkitzeak bizitza politikoa markatzen duen normaltasun falta hori nabarmendu zuen. Orain ia urtebete PSOEk eta Batasunak bilera garrantzitsua egin zuten eta bertan gatazka politikoaren konponbide-faseari ekitea ekarriko zuen elkarrizketa markoa ezartzeko konpromisoa hitzartu zuten; urtebete geroago, ordea, erantzun errazeko galdera hau egin daiteke: Inork uste al du bilera hartan hitzartutakoak aurrera egin balu, eskubide urraketak markatutako egoera batean, herritarren hainbat sektore zabalek hauteskundeetan askatasunez ezin parte har dezaketen egoeran, egongo ginatekeela?
Gezurtatzea sobera dago errealitateak «prozesurik eza»ko egoerak guztientzako ondorio txarrak besterik ez dituela erakusten duenean. Elkarrizketarik ezak liskarrari lekua uzten baitio, hain zuzen, eta horrek batzuentzat eta besteentzat dakartzan ondorio latzei. Espero izatekoa da ibilitako bidetik ikasiko dela, hala nola ibiltzeke geratu zenetik, maiatzaren 27ko hauteskundeen ondoren pausoz pauso egoera benetan demokratiko batera doan prozesua berriz sortu ahal izateko.