Sega Euskal Herriko Txapelketa
Hamar segalarik eman dute izena lehian parte hartzeko
Hasteko, hiru multzotan banatuta arituko dira, eta bakoitzeko bi kirolaririk onenak sailkatuko dira. Finalerdietan, berriz, bi segalari geratuko dira kanpoan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Euskal Herriko segalarien Txapelketa bihar bertan jarriko da abian Berastegin, 17.00etatik aurrera. Aurten, hamar segalari izango dira lehian, eta hiru multzotan banatuta arituko dira. Multzo bakoitzeko estreinako biak lortuko dute finalerdiak jokatzeko txartela. Han, berriz, bi geratuko dira kanpoan, eta lau izango dira, betiko moduan, finala jokatuko dutenak.
Multzoz multzo, honela geratu dira banatuta segalariak: A multzoan, Arteaga, Kanflanka eta Goikoetxea lehiatuko dira. B multzoan, berriz, Mariñelarena, Lapazaran, Ormaetxea eta Telletxea neurtuko dira. C multzoan, Gabirondo, Goioaga eta Alkorta izango dira nor baino nor.
Izenei dagokienez, iaztik batzuk faltako dira, eta agian hutsegiterik nabarmenena Mikel Aranalderena izango da. Gaztelukoa Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelduna izana da, baina aurten atseden hartzeko erabakia hartu du.
Berrien artean, Ormaetxearen itzulera nabarmendu beharko da. Orendaingoak iaz ezin izan zuen parte hartu, min hartuta baitzegoen, eta aurten berriro ere lehian ikusteko moduan izango da. Arteaga gipuzkoarra ere lehen aldiz arituko da, eta agian berririk pozgarriena Nafarroatik dator, aurten Telletxea lehen aldiz izango baita lehiaketa batean.
Azkenean, hiru
Nafarroan urte askotan Mariñelarena bakarrik aritu da, eta azken urte hauetan Kanflanka ere izan du alboan, eta herrialdeko lehiaketa ere jokatu ahal izan dute. Aurten lehen aldiz hiru izango dira, eta hori ez da seinale txarra.
Berririk txarrena, berriz, Arabak eman du, aurten ez baitu ordezkari bakar bat ere izango. Azkeneko bi urte hauetan herrialdeko lehiaketarik ere ezin izan dute jokatu, eta Euskal Herrikoan ere ez da bakar bat arituko. Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetatik ere inor ez da izango. Nazioarteko eran badabiltza bakarren batzuk, baina era tradizionalean oraindik ez da inor ausartu.
Txapelketa bat hasterakoan beti faboritoak aipatzen dira. Denek lau izen botatzen dituzte, eta gauzak asko okertzen ez badira behintzat, lau hauen artean txapelduna ateratzea litzateke normalena: Lapazaran, Ormaetxea, Goikoetxea eta Gabirondo dira izen horiek. Lapazaranek iaz Bizkaikoa jantzi zuen, Gabirondok Gipuzkoakoa eta Goikoetxeak Euskal Herrikoa. Ormaetxeak iaz aritzerik izan ez bazuen ere berak ere badaki txapela janztea zer den.
Lauretako inork ez luke finalerdietan izateko aparteko arazorik izan behar, eta agian multzorik erakargarriena, gainera, B izan daiteke, han Lapazaran eta Ormaetxea elkarren aurka neurtuko baitira, eta hortik zaleek atera dezakete lehenengo erreferentzia, nahiz eta ordu erdian segan aritu, edo ordubetean aritu, tarte handia dagoen.
Gainerako segalari guztiak, berriz, ezustea ematera joango dira, eta ahal badute faborito diren horiek mendean hartzera, nahiz eta hori ez duten lan erraza izango; izan ere, faboritoak maila handiko segalariak izateaz gain, eskarmentua ere handia baitute.
Euskal Herriko Txapelketa bihar bertan abiatuko da, eta Berastegin izango da estreinako kanporaketa 17.00etatik aurrera, Intzeko Atari belardian. Bertan A multzoko segalariak arituko dira nor baino nor, finalerdietako txartela eskuratzeko asmotan, lehenengo biak lortuko baitute hori.
Honako segalari hauek izango dira bihar Berastegin: Goikoetxea, Arteaga eta Kanflanka. Segalariek ordu erdia izango dute lanean aritzeko. Izenei dagokienez, behintzat, Goikoetxeak, egungo txapeldunak, ez luke arazorik izan behar aurrera egiteko. Beste bien artean borroka handia izan daiteke.