GARA > Idatzia > Saskibaloia

Pablo Lasoren aurkezpena

«Aurrerapausoa» eman du Lasok Donostiara etorrita

ACBra igotzeaz jardutea «presio arriskutsua hartzea» dela iritzi zion Lasok; lan handia dagoela egiteke. «LEB Ligako guztien nahia baita ACB Ligara igotzea»

Arnaitz GORRITI | DONOSTIA

Ikusmin itzela sortu du Donostian datorren denboraldirako Bruesa GBCko entrenatzaile berria pablo Laso izango dela ezagutzera emateak. Hargatik, Illunbeko prentsa aretoa kazetariz lepo zegoen atzo, entrenatzaile gasteiztarraren aurkezpen ofizialaren lekuko izateko.

Trafiko arazoen erruz berandu bazen ere, azaldu zen noizbait Pepe Laso apartaren semea, nahiz eta aspalditik izen propioa hartua duen. Lasoren lehenengo hitzetan bere entrenatzaile ibilbidean emandako «aurrepausoa» zela onartu zuen.

«Klub honetan sinesten dut, zuzendaritza honetan, jarraitzaileetan, hirian... Hargatik nago hemen», aitortu zuen. Gasteiztarraren iritziz, Donostiara etortzea «erronka handia da. Proiektu berri bat da hau, handiago izateko anbizioa du gainera. Erronkak betidanik atsegin izan ditut. Erabaki zaila izan da, baina asmatu dudalakoan nago».

ACB Liga eta beste galderak

Aurkezpenaren ostean, kazetarien galderak iritsi ziren. Bertan, lehenengo unetik ACB Liga balizko igoera bat planteatu zen.

«Maiatzaren 24an gaude. Dagoeneko ACB Ligari buruz jarduten hasiz gero, geure buruari presio handia ezarriko genioke. Egia da, hala ere, presio hori badaukagula eta onartu ere onartzen dugula, baina oraindik lan handia dago egiteke. Kluba lehenengo pausoak ematen ari da. Oraindik jokalari zerrenda osatu behar da, denboraldi berriari ekin behar zaio, eta baliteke formato aldaketa handia egotea LEB Ligan. Horrezaz gain, LEB Ligan parte hartzen duten talde guztien nahia ACB Ligara igotzea da. Beraz, talde guztien helmuga ACB Ligara igotzea izango da, geurea den bezala.

Hurrengo galderetan talde teknikoaren inguruan galdegin zitzaion, ea aurten lan egin dutenek Lasorekin jarraituko dutenentz. Horren harira, gasteiztarrak ez zuen erantzun zehatzegirik eskaini.

«Oraindik ez da erabakirik hartu. Hemen dagoen lantaldearengan konfiantza daukat, erreferentzia egokiak baitauzkat. Nahiko `goiz' iritsi naizenez hona, aukera izango dut astiaz erabakitzeko lantaldea zein izango den eta egia da dagoeneko horretan lanean dihardugula, baina oraindik goizegi da zein izango diren edo ez diren esateko».

Donostian hurrengo denboralditik aurrera zer-nolako saskibaloia izango den galdetzean, berriz, Lasok «saskibaloia oso aldakorra dela» erantzun zuen.

«Lehenik eta bat taldea osatu behar da, zein jokalari eta jokalariok zein bertute edo akats dauzkaten ikusi behar dugu. Hortik aurrera, esan beharra dago nik atsegin dudan saskibaloia, orain arte entrenatu ditudanetan bederen, talde nahiko azkarrak dira, erritmo handian jokatzen dutenak; beren jokoa defentsa lan on batean oinarritzen dute eta hor oinarrituta lasterka egiten saiatu; jokalariaren sormenean sinisten dut ere bai, ez naiz jokalaria mugatuko duen entrenatzailea, baina beti ere laneko exijentzia kontuan hartuta», aitortu zuen.

Gaitasuna eta esperientzia

Prentsaurrekoaren azken aldera, Arabako teknikariari bere esperientzia dela-eta galdetu zioten, jokalari izateari utzi zionez geroztik, laugarren taldea baitu Lasok. Horrek, aldiz, esperientziari baino gehiago, «gaitasunari» erreparatu zion.

«Entrenatzaileok `esperientziaren beharraren' karga hori daramagu beti. `Esperientzia' baloratzen dut, bai, baina `gaitasunaren' azpitik dago. Esperientzia luzea izan zenezake, baina gaitasunik ez. Beraz, entrenatzaile postuan debuta eginda esperientziarik ez nuela esaten zidatenean, ez nuen minik hartzen. Kontua da nik talde hau entrenatzeko gaitasunik dudan edo ez», esan zuen.

Abonuak berritzea

San Sebastian Gipuzkoa Basketeko 940 abonatuk berritu dute txartela kanpainaren hirugarren egunean. Abonatuen Berritze Kanpainak eskaintzen duen aukeretan Kirol Elkarte Anonimo bihurtzean parte-hartzea dago ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo