GARA > Idatzia > Kultura

Donosti Ereski Abesbatza Pirinio mendikatearen mendebaldeko kulturan murgilduko da laster

Aipatu zonaldean errotu eta bizirik dirauen kulturaren oihartzuna izatea da oraingoan Donosti Ereski Abesbatzak bere buruari jarri dion erronka. Hitzaldiak eta kultur bira ere baliatuko ditu horretarako.

GARA | DONOSTIA

Euskal Herriak, ikuspuntu sozial, historiko eta kulturalean, Mendebaldeko Pirinioetan izan duen eraginaren aztarnak ikusten eta nabarmentzen saiatuko da Donosti Ereski Abesbatza eskuartean darabilen proiektuaren bitartez. Atzo azaldu zuenez, alegia, bi atal izango ditu egitasmoak: Donostian antolatuko dituzten hitzaldiak, batetik, eta Pirinioetan zehar, mendebaldetik Sobrarbe eta Ribagorza haranetaraino egitekoak diren kultur bira, bestetik.

Hain zuzen ere, gogorarazi zutenez, «Kantauri itsasotik ekialderantz mendikatean zehar egin asmo dugun bideak, naturalki historiaurrean gure kulturak zuen eremu zabalagora garamatza». Kultur birari dagokionez, beraz, hauxe aurreratu zuten: «Noguera Pallaresa eta Arango haraneraino, bestalde ere, Antso Handiaren garaian Nafarroako Erresumak zituen mugetaraino mulgilduko gara gure musikaren bidez; Leire, San Juan de la Peña, Loarre, Jaca, Ainsa edo Roda de Isabena bezalako monastegi eta gotorlekuen arrastoa jarraituz, Pirinioetako haranak lotzeari ekingo diogu, gaur egungo kulturaren arrastoak -toponimikoak, megalitikoak, hizkuntzari dagozkionak- eta bertakoenenak nabarmentzen saiatzeko asmoz». Kontzertuetan kantuaren bidez kontzeptu hori garatu eta erakusteko erronkari eutsiko diote, beraz.

Jardunaldiak

Aipatu helburuekin, bada, udaberrian eta propioa duten ohiko musika trebakuntza lan eta entsaioez gain, «Kultur bilakaera mendebaldeko Pirinioan» gaiari buruzko mintegitxoa antolatu dute, zenbait adituren hitzaldien bidez. «Eremu honetako historia, giza geografia -hizkuntza eta guri bereziki dagokigun musika- eta oro har kulturan sakondu eta ulertu ostean, bertan eta emanaldien bitartez ondare horren berri ematen saiatuko gara», nabarmendu zuten atzoko prentsaurrekoan.

Hitzaldi guztietan proiekzioen laguntzaz, horien helburu didaktiko eta zabalpenezkoa landuko dira. Horretarako, zenbait lan historiko eta etnografikoetan bidutako ikus-entzunezko materialak aukeratu dituzte.

«Cromlecha» edo «mairubaratza» da hori guztia plastikoki adierazteko erabili daitekeen irudia, besteren artean. Azaldu zutenez, «kontzeptu hau, Oteizak garatzen du sakonki, hutsunearen adierazpen estetiko, sinboliko eta espirituzkoa. Eta, zeharkatuko ditugun Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako haran eta bortuetan monumentu horien aztarnak ere jarraituko ditugu», erantsi zuten.

Hitzaldiak Xabier Peñalver, Luis Miguel Bajen eta Aitor Pescadorren ardura izango dira.

Pirinioetan egitekoak diren bira artistikoa, bestalde, uztailean izango da. Bisitatu asmo dituzten gune historikoetan, era ofizialean -«gure proiektuaren arrastoa markatzeko asmoz»- beren kultur ekintzen baitan abesti sorta eskaintzeko asmoa dute. Osagarri gisa, eta bidaia- ren aurretik, inguruan irteeraren bat egitea ere aurreikusi dute, Pirinioetan ikusiko dutenarekin lotzeko: Aritxulegiko lepotik eta Leitzaran haraneko cromlechetatik Iruñera, kasu.

«BIDAIA» BIKOITZA

Hitzaldiek Pirinioei buruz gutxitan jorratzen diren gaien bidez, bertako «kultur altxorrean» murgilduko dute publikoa. Bestalde, uztailean, Leire, San Juan de la Peña, Loarre, edo Roda de Isabena guneetan, edo Jaca, Ainsa eta Benasquen, kontzertuak eskainiko dituzte.

Fitxa

Hitzaldiak: «Pirinioetako mairubaratz edo cromlechak», (Xabier Peñalver), maiatzaren 29an; «Pirineos Mágicos: Bidaia Erdialdeko Pirineoko herri musika eta kulturan zehar» (Luis Miguel Bajén, Ereskitxoren partaidetzarekin), hilaren 31n; «Nafarroako erresuma eta Pirinioak» (Aitor Pescador, Donosti Ereski Schola Gregorianistaren partaidetzaz), ekainaren 4an.

Tokia eta ordua: Hitzordu oro Donostian, Kutxaren Arrasate kaleko aretoan, izango dira. 20.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo