GARA > Idatzia > Kultura

Arabiar artea eta euskal artea, biak bat aste betez, Donibane Garazin

Arte garaikidea publiko zabalari ezagutaraztea da Donibane Garazin iragaten den Arte Garaikidearen Biurtekoaren xedea. Urtero milaka ikusle elkartzen ditu, eta aurten Garazikus elkarteak antolatzen duen ekitaldi arrakastatsu horretan, berriz ere, Euskal Herri eta kanpoko hogeita hamar bat artista elkartuko dira. Horiekin batera, aurten arabiar artea ohoretzen dutenez, Nour'Eddine Atatfaren obren erakusketa berezia eskainiren dute Apezpikuen Presondegian.

Ainize BUTRON | DONIBANE GARAZI

Arte garaikidearen aniztasuna goraipatuko da aste betez Donibane Garazin iraganen den Arte Plastikoen Biurtekoan. Gaur hasi, eta ekainaren 3a arte, herriko saltegi, ostatu, karrika eta aretoetan artea izango da nagusi. Orotara, Euskal Herri eta Estatu frantseseko hogeita hamar artisten lanak azalduko dira, beraz, artearen hiriburu bilakatuko da Nafarroa Behereko herria.

Honela, karrikaz karrika, ileapaindegi, zapateri, okindegi, farmazia eta beste mota askotariko saltegien berinetan ikusleek artisten obrak deskrubitzen ahalko dituzte. Baina, horietatik at, aurten, Garazikus elkarte antolatzaileak Nour'Eddine Atatfa artista aljeriarra ohoretzea erabaki du. Estatu frantseseko Tolosa herrian bizi da Nour'Eddine Atatfa.

1998an egin zuen bere lehenengo erakusketa hiri horretan, eta geroztik, hainbat proiektuetan parte hartu du. Bere obrak aipatzerakoan, artistak «politika ez egin arren» Aljeriako «oihua» adierazten duela jakinarazi du. Bere herriko kolore eta kulturan oinarrituriko margolan horiek Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian ikusgai dira. Duela urte batzuk prehistoriako artea goraipatu ondoren, aurten, arabiar mundua ohoretu nahi izan dute antolatzaileek. Eta, aurtengo ohorezko gomita hori baliatuta, euskal eta arabiar arteak elkartu nahi izan dituzte hainbat ekitaldiren bidez.

Honela, atzo Arte Garaikidearen Biurtekoari ateak zabaltzeko Omar Khayyâm olerkari eta pentsalari musulmana omentzeko gaualdia antolatu zuten, eta bertan, hemengo artistak eta artista arabiarrak elkartu ziren. Eta, maiatzaren 29an «Allez Yallah» filmaren proiekzioarekin Arjeliako emakumeen oldartzea goraipatuko da. Bestalde, Atatfa artistaren ibilbidea eta obra aipatzeko aukera ere izanen dute bisitariek, gaur, hamabiak eta oren batak tartean, Apezpikuen Presondegian eginen den elkartze bereziari esker. Aurten arabiar mundua ohoretzea erabaki badute ere, biurtekoan parte hartzen duten beste hogeita hamar bat artistekin elkartzeak izango dira.

Honela, ekainaren 2an Herriko Etxeko erakusgelan topaketa izango da. Baina, horietatik at, bi urtetik behin antolatzen den erakusketa horretan gertatu ohi den bezala, animazioak ugariak izango dira.

Garazique musika hitzordua

Gaur eta ekainaren 2an, arratsaldeko hiruetatik goiti obrak ezagutzeko ibilaldi komentatuak eginen dira. Herriko Etxetik abiatuko dira ibilaldiak eta bi ordu iraunen dute. Haur eta helduentzako kaligrafia tailerrak ere izango dira.

Aurten, lehen aldiko, Garazikus elkarteak antolatzen duen Garazique udaberriko hitzordu musikalarekin bat eginen du arte garaikide erakusketak. Gaur eta bihar, arte obrekin batera, musika zabalduko da herriko karriketan ere. Bihar eskolek egindako ohiko «musika ibilaldiak» zabalduko du ekitaldia eta, ondotik, dantza, musika eta kantuak hedatuko dira herrian kokatuak izango diren lau gune nagusietan.

Juan Gorritiren «Kadera surrealistak» ikusgai

Arte Garaikidearen Biurtekoarekin bat eginez, Josette Dacosta artistaren Donibane Garaziko galerian Juan Gorriti zizelkari nafartarra gomitatu dute ekainaren 3a bitartean bere «Kadera surrealistak» obrak ikusgai jartzeko. 2003an zuen lehen aldiko Gorritik kaderarekin lan bat agertarazi. Garai horretan hamahiru obra aurkeztu zituen. Eta, Oteiza omentzeko asmoz, aulki bakoitzean barroko koskor bat jarri zuen. Garaiko kadera gehienak saldu egin direnez, lau urte igaro direla-eta, Gorritik, berriz ere, aulkien gaia lantzea erabaki du. Baina, oraingo honetan, obretan, bere eguneroko bizia eta haurtzaroko elementuak barneratzea pentsatu du: arraultzak frijitzeko bere aitatxik baliatu omen zuen zartagina, bere amaren kafe eihera, laborantzarako lan tresna zaharrak eta bestelakoak. Kadera batzuetan ikusleak jartzen ahalko dira, baina, horretarako abere batzuk lagun izango dituzte. Izan ere, aulkiekin bat egiteko, Gorritik erakusketan untxi eta oiloak bizirik sartzea erabaki du. «Nire xedea natura artearen barnean sarraraztea da», azpimarratu zuen Gorritik bere hautuaren zergatia aipatzerakoan. Nafartarraren kaderekin batera, Josette Dacostaren beraren obra berriak ere ikusgai dira galerian. Gorritiren zizel lanen ildotik, artistaren eguneroko biziaren elementuak biltzen dituzten margolanak azaltzen ditu nagusiki. Ekainaren 2an, Gorriti galerian izango da, arratsaldeko bostetatik goiti bere obrak aipatzeko. Bestalde, biurtekoa amaitu arren, erakusketa ekainaren 22a arte luzatuko da.

A.B.

ARJELIAREN OIHUA

Nour'Eddine Atatfa artista 1998az geroztik Tolosa herrian bizi bada ere, bere obrek Arjelia herriko sufrimendu eta koloreak agerian jartzen ditu. Artistak berak goraipatu duen bezala, «Arjeliako oihua» agerian jartzen du bere obretan.

Fitxa

Lekua: Donibane Garaziko karrika eta saltegiak.

Eguna: Maiatzaren 25a eta ekainaren 3a tartean.

Antolatzailea: Garazikus elkartea eta Herriko Etxea.

Sarrera: doakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo