ASOBAL LIGA Azken-aurreko jardunaldia
Agur esateko edo mirarian sinesteko garaipenaren bila
Portlandek eta Bidasoak ezin dute hutsik egin aukerekin jarraitu nahi badute
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Asobal Ligako azken-aurreko jardunaldia erabakigarria izan daiteke Bidasoa eta Portlandentzat. Gipuzkoarrek irabazi beharra dute Ohorezko Mailari matematikoki agur ez esateko. Nafarrek, ordea, antzeko egoeran daude, baina alderantziz. Ezin dute hutsik egin txapeldun izateko aukerei eusteko.
Ciudad Realetik bi puntura daude Zupo Ekisoainen jokalariak, eta desabantaila hori murriztu nahi dute azken jardunaldira begira. Izan ere, Ciudad Realek Bartzelona jasoko baitu Ligako azken partidan. Eta batek daki, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukerak bultzatuta, agian katalanak Kixote Arenan irabazteko gai dira. Hori bai, Ciudad Realek gaur Antequeran punturen bat galtzea miraria litzateke.
Portlandek, dena dela, partida oso zaila du. Beraz, beste norgehiagoketetan gertatuko dena begiratzea baino, hobe luke bereari so egitea. Hain zuzen ere, Ademarren aurka jokatuko du Leonen (18.00, La 2), Bartzelonarekin batera hirugarren postua eskuratzeko borrokan dagoen beste taldearen kontra, alegia. Postu horrek Txapeldunen Ligarako txartela eskaintzen duenez, Ademarrentzat garrantzi handiko partida da gaurkoa.
Azken orduko ez usteen ezean, honako hauek dira Ekisoainek Leonera eraman dituen jokalariak: Kasper, Svensson, Balic, Ruesga, Dominikovic, Vugrinec, Lozano, Jorgensen, Kjelling, Ortigosa, Rocas, Carvajal, Juancho y Nikolic.
Portlandeko entrenatzaileak argi dauka Bartzelonaren edo Ciudad Realen aurka egindako baino partida borobilagoa egin beharko dutela aukerak izateko. Hau da, hasieran aurkariari abantailarik ez ematea. «Ezin zaigu berriro gauza bera gertatu. Partidan oso sartuta atera behar dugu, norgehiagoka borobila egin eta konzentrazioa erakutsi», nabarmendu zuen.
Hil ala bizi
Bidasoak, berriz, hil ala biziko partida dauka. Galduz gero, ohorezko mailari agur esango lioke bertan hiru hamarkada egon eta gero. Kontua da Irun bisitatuko duen arerioa ez dela batere makala, Cai Aragon izango baita (17.00, Artaleku).
Dena dela, garaipena lortuz gero, miraria beharko luke Bidasoak. Izan ere, azken jardunaldian Portlanden aurka jokatuko baitu Iruñean, eta Darien Logroñok,bere aurkari zuzenak, Altearen aurka izango du etxean. Errioxarrek Bartzelonan galduko dute gaur ziurrenik, baina Alteari azken jardunaldian irabaziz gero, salbatuko lirateke. Eta horrekin batera, Bidasoa jaitsieraren zulora bidaliko lukete.
Hala ere, Julian Ruizen jokalariek azken hauspoa botatzeko prest daudela erakutsi zuten joan den astean, Granollersen irabazi eta gero. «Badakigu ez dagoela gure esku bakarrik, beste talde batzuei begiratu behar diegulako. Baina aukerak ditugu oraindik eta gure garaipena beharrezkoa da horretarako», adierazi zuen Cyrik Viudesek. Pivote frantziarrak aitortu zuen CAI Aragon indartsuagoa dela, baina borrokatuko dutela aurreratu zuen.
Zuzendaritzak sarrerak oparitu ditu eta partida aurreratzea erabaki zuen duela egun gutxi Real Unionek Galen jokatuko duen norgehiagokarekin bat egin ez zezan. Era berean, Real Unioneko bazkideek doan ikusi ahalko dute Bidasoaren partida. Zaleen artean, zoritxarrez, etsipena nagusitu da eta jaitsiera oso gertu ikusten dute.
Arrate certificará la séptima posición de la Liga Asobal si gana hoy en Altea (18.30) y a su vez pierde el Granollers en Valladolid, posibilidad en la que el equipo de Viktor Debre busca la motivación necesaria para afrontar un partido que presenta mayores urgencias para el anfitrión, que quiere certificar la permanencia.
«Intentaremos ganar, aunque ellos están mucho más necesitados», reconoció el preparador húngaro de los de Eibar, que tienen en mente lo sucedido en su más reciente desplazamiento a Antequera, donde se enfrentaron a un rival también en apuros y que jugó con mayor intensidad.
GARA