GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14 Liga

Finalerdiak jokatzea eta mailari eustea dira helburuak

Biarritzek eta Aviron Baionakoak irabazi egin behar dute gaur 17.15etatik aurrera jokatuko dituzten norgehiagokak, azken orduan ezusteren bat hartu eta beren asmoak zapuzterik nahi ez badute

Jon LEUNDA | BAIONA

Heldu da Ligako azkeneko jardunaldia, eta oraindik egin beharreko lanak egin gabe helduko dira azkeneko partidara bai Biarritz bai eta Aviron ere, nahiz eta gauzak nahiko bideratuta dituzten.

Biarritzek Ligako azkeneko jardunaldira dena erabakita heltzeko itxaropena zuen, baina aurreko jardunaldian galdu ostean, gaur irabaztea besterik ez zaio geratzen. Hori lortzen badu, ez dauka inora begira egon beharrik, eta Ligako finalerdiak jokatzeko moduan izango da. Irabaztea ez den beste edozein emaitzarekin, berriz, Perpinyari begira egon beharko du.

Lapurtarrek Castres hartuko dute 17.15etan, eta partidak erosoa izan beharko luke Biarritzentzat, Catresek ia mailari eusteko txartela segurtatuta baitauka.

Berez, baldintza horiek aurrean izan da, zuri-gorriek ezin dute gaur hutsik egin, nahiz eta finalerdietan sartzen badira ere, ezingo den ezkutatu norgehiagoka askotan eman duten itxura kaskarra. Biarritzek Europako kopa eta Liga irabazteko taldeak egin ditu, baina Europatik kanpo uste baino askoz ere azkarrago geratu zen, eta Ligan ere komeriak ikusten ari da.

Jokalariei dagokienez, Harinordoki eta Balan itzuliko dira hamabostekora, eta Traille eta Gaitan berriz, baja izango dira. Castresen, aldiz, Cannovassio itzuliko da.

Avironek ere irabazi egin behar du, emaitza horrekin ez baitu beste inora begira egon beharrik izango. Berdinketa bera nahikoa du matematikoki mailari eusteko, baina zuri-urdinek argi eta garbi utzi dute partida irabaztera doazela, horrela edozein ezuste bazterrean utziko baiituzte. Lapurdiko hiriburukoek ere norgehiagoka 17.15etan hasiko dute eta Briveren zelaian jokatuko dute. Zuri-urdinen aurkariek mailari eustita daude, eta beraz egoera horretaz baliatu behar dute, partida irabazi ahal izateko. Avironek Ligako bigarren zati oso ona egin du, baina hasieran egindako partida negargarriek egoera honetan utzi dute azkeneko jardunaldiaren aitzinetik. Jokalariei dagokionean, Fraser, Garber eta Hegi baja izango dira lapurtarren artean, baina gainerako guztiak jokatzeko moduan dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo