GARA > Idatzia > Zorroztarria

Euskal Polinesia: Antxoa!

Heldu da eguna, urtearen bosgarren hilak hogeita zazpi egun ditueneko hau. Nork bere eltzea frogatzeko eguna, botoen suan jarrita. Etxeko postontziak lasaitu ederra hartuko du gaurtik aurrera! Gizajoa! Baso batzuek ere bai. Horra formal-formal, demokrazia formalak agintzen duen moduan, hautestontzira doan aldapa-bidea hartzen duela gizabanakoak, banan-banan edota familian hartu ere. Demokrazia formalaren lau urtean behingo erromesak. Kalbario-bidea! Batzuek etxetik bertatik daroate boto-papera eskuan; beste batzuek hautes-gelako bazter batean dagoen mahaian bertan egiten dute hautua, mahaiak eskaintzen duen legezko katalogoari be- girada arin bat egin ostean. Boto-azoka.

Bada, baita ere, begira daudenen begiradapean mahaitik hautu zuzena egitea gustukoa ez duenik, eta katalogo osoko paper-ale bana hartu eta gortinapeko txokoan ezkutatuta azkeneko hautua bertan egiten duenik, itsu-itsuan sarri, batzuek mea culpa esanez ukabilaz bularra behin eta berriz kolpatzen dutela. Baina mahaiari hanka bat falta zaio, gutxienez, gaineko katalogoa ez dagoelako osorik; bada hor hutsune nabarmenik. Eskaria zabala izan arren, eskaintza mugatua da. Eroskin sekula ez zen horrelakorik gertatuko, sekula hori santa izanda ere.

Tira, bihar gaurkoaren biharamuna izango da, kalkulagailuen bateriek lasaitu ederra hartuko duten eguna. Euskal Herriko denbora baterako mapa politikoa marrazten hasiko da bihar. Eta demontrezko demokrazia formalaren ikuspegitik herri honek artxipelago baten itxura hartuko du, demo- krazia formalezko isla batzuk izango dira apartheidezko itsaso atsituan barreiatuta. Demokrazia duinezko itsasikarak izan beharko dira itsaso horretan tsunami jatorrak sortu eta hainbat horma behingoz hausteko, eta bide batez, energia modu arduratsuan erabiltze aldera, kostaldeko hainbat urbanizazio ere.

Baina bitartean Herri hau Polinesia izango da, polizia asko eta amnesia gehiago duten agintarien polinesia. Euskal Herriko Hegonesia. Aloha! esango digute batzokiko ate- tik jauntxoen eta lege zatarren aldeko jelkideek, sozialista omen diren jauntxoak lagun, gurbitzezko lepokoa eskegi- ta eta osbornezko zezenezko pina paparrean dutela. Aloha! Ama, ama! akabo da mendira jotzeko tentaldia, itsasora jotzeko unea da oraingoa, artxipelago hau lurralde trinko bihurtu eta antxoa berreskuratzeko unea. Aloha? Ez, Antxoa!, demontre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo