GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Desarrazoiari egun bat eskaini

Edozeren eta edonolako Egun, Aste eta abarrez bete zaigun egutegi zibil horretan Zentzugabekeriaren Egunari tartea egin behar bagenio (eta egin behar genioke, egitate ubikuo eta etengabe hori ere une batez bederen, kontzienteki hausnar genezan), urteak dituenetako edozeinetan kokatzeko arrazoiren bat aurkituko genuke, bila hasiz gero. Baina nekez aurkituko genuke gaurko egunak bezainbesteko aitzakia eskaintzen digunik Desarrazoiaren Eguna izendatzeko.

Gaur betetzen baitira xuxen-xuxen hogei urte Mathias Rust Moskuko Plaza Gorrian bere Cessna 172arekin lurreratu zenetik. 19 urteko alemaniar burugabe haren ateraldi xelebrea gutxitan aztertu da, komikotasunaren ikuspegitik ez bada; baina ez nintzateke batere harrituko etorkizuneko historialariek sobietar sistemaren inplosioaren pizgailu nagusietako bat izan zela erabakiko balute, zazpi hilabete geroago B. Gromov jeneralak «Adiskidantzaren Zubia» Afganistanetik Uzbekistanera igaro zueneko irudi haren paretsuan, edo gainetik.

Munduko aire defentsarik sendoena eta landuena zuen Estatu hari, lau urte lehenago Sakhalin gainean zihoan KAL 007 hura lurrera bota eta 269 bidaiariak hilarazteko erabakia hartzeko gauza izan zen sistema hari, hegazkintxo ziztrin bat inoren baimenik gabe sukalderaino ez ezik, oheraino (Rusten deliberoa Kremlinaren barruan lurreratzea omen zen, eta espazio gabeziak eragotzi omen zion hala egitea) sartu izanak, milaka argudiok edota datuk baino zorrotzago trontzatu zion bere buruarekiko konfiantzaren azken apurrak xahutzen ari zen erregimen sobietarra. Desarrazoia lurreratu zen Plaza Gorrian Rusten hegazkinean.

Biharamunetik aurrera Gorbatxovek Defentsa Ministerioan eta, oso bereziki, Aire Armadan egin zuen purga (Sokolov mariskala eta Koldunov jeneralarekin batera bi mila goi ofizialek galdu zuten aginte-postua) erabakigarria gertatuko zen, bestalde, ondorengo urteetan sobietar Arma- dak erakutsiko zuen inhibizioan... Eta hau gabe nekez jazoko ziren hurrengo lauzpabost urteetako gertaera politikoak.

Beraz, Rust zentzugabea (geroak nahiko argi erakutsi du ez geundela heroi idealista baten ekintza politikoaren aurrean, erdi-ero baten atrebentzia arriskutsu bezain suertetsuaren aurrean baizik) desarrazoiaren indarraren tresna izan zen, funtsean, duela hogei urteko maiatzaren 28 hartan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo