GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Maider Goikoetxea Perez Euskal Herriko Bilgune feminista

Emakume, zure osasun eskubideak aldarrikatu!

Osasun sistemak eredu andozentrikoa du. Gizonek gizonentzat pentsatua, gure beharrei egokitzeko gaitasun eta interesik gabe garatu da

Maiatzak 28. Emakumeon Osasunaren aldeko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, gure egoera salatzeko beharrean gaude berriro ere. Osasungintza moder- noaren egitura eta ohiturak sortu dituztenak gizonak izaki, gaurko osasun sistemak eredu androzentrikoa du. Gizonek gizonentzat pentsatua, gure beharrei egokitzeko gaitasun eta interesik gabe garatua izan da. Horren adibideak izan ditzakegu erditzeko erabiltzen diren posturen ezegokitasuna edota abortu librea oraindik borroka bizia izatea.

Emakumeok gure gorputzari buruzko erabakiak hartzeko inposaturiko morala eta legalitatea onartu behar ditugu. Abortuaren adibidearekin jarraituta, eta Euskal Herriak bizi duen zatiketa administratiboa kontuan hartuta, Nafarroako osasun sistema publikoa da, kontzientzia eragozpena nahiz eskuina eta Opus-en eragin ideologiko eta ekonomikoa dela-eta, eskubide hori era argienean ukatzen diguna.

Arazo hori gero eta urriagoak diren sexu orientazio eta planifikazio zentroekin eta sexualitatea bizitzeko eredu bakarrarekin amaitzeko, hezkuntza proiektuekin asko hobetu badaiteke ere, egun Euskal Herriko instituzioek zerbitzuok murriztu edota pribatizatzeko joera dute.

Funtsean, egiturazko arazo batez dihardugu. Emakumeon fisiologia berezitua genitaltasun bereizketa xume batera murrizteak gure izaera eta beharrak orokortasunean galtzera eraman gaitu. Tratamenduen eta metodo berrien inbestigazioan, ikerkuntza medikuak egiteko orduan, eragin zuzena du baieztapen honek, emakumeok ez gara azterketa subjektutzat hartzen.

Era berean, batik bat edo zuzenean guri bakarrik eragiten diguten gaixotasunetan ere mugak dira ondorioa. Esaterako, menopausiaren tratamenduak sistema publikoetan jasotzen duen arreta irrigarria da berau jasotzeko adin mugak ezartzen diren aldetik.

Azterketa ginekologikoei dagokienez, herri askotako zerbitzua oso murritza da eta itxarote zerrendak luzeegiak. Emakume askok osasun pribatura jo behar izaten dute osasuna zaintzeko, dirurik badute, noski.

Emakume presoen kolektiboaren egoera da adierazgarrienetakoa. Gizonak zigortzeko gizonek sortutako eraikin, ohitura eta sisteman ez dago emakumeak artatzeko paradarik. Ama duintasunez izateko eskubidea ukatzea edota osasun jarraipenerako hutsuneak dira horren adierazle.

Oso argi dugu erantzuleak nor diren Hego Euskal Herrian: Osasunbide eta Osakidetza.

Botere politiko eta erlijiosoa duten alderdi eskuindarren eta Opus eta hori bezalako instituzioen interesak lehenesteari utzi eta Euskal Herriko instituzioei emakumeen eskubideak praktikan gauzatzen hasteko norabidea markatzeko eskatzen diegu, momentu hauetan jasotzen ari garen arretak zer hobetu eta aldatu baduelako.

Euskal Herrian bizi garen emakumeok osasun eskubideak bermatuak behar ditugu. Gure gaitasun erreproduktiboaren kontrola bermatzeko bitartekariak ezarri eta, berau edozein dela ere, aukera askatasuna eta gauzatzeko bitartekoak bideratzea. Sexualitate eredu bakarrari uko egitea.

Gure eskubideak lortzeko, zor zaiguna lortzeko, emakume, aldarrikatu eta borrokatu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo