Euskara helburu eta ikus-entzunezkoak bide gazte egonaldietan
Ehun eta hogeita hamar bat gaztek eman dute izena Arabako Ikastolen Elkarteak bultzatuta Bernedon egingo dituzten gazte egonaldietarako. Euskara sustatzea helburu, ikus-entzunezko bitartekoak aukeratu dituzte bide. Gustura daude antolatzaileak, inondik ere ez baitzuten «erantzun hori espero».
Maider EIZMENDI
Euskal Herriko lurralde orotako 12 eta 17 urte bitarteko gazteak hartuko dituzte Arabako Ikastolen Elkarteak antolatu dituen gazte egonaldiek. Bernedon, Arabako mendial- dean batuko dira guztiak astebetez euskara ahoan eta ikus-entzunezko teknologia hizpide hartuta.
Edurne Amondarain Ikastolen Elkarteko arduradunak aditzera eman duenez, adin tarte horretako gazteei ezer gutxi eskaintzen zaie euskararenganako motibazioan eragiteko. «Normalean pentsatzen da hamabi urtetik aurrera, hobeak direla frantsesa edota ingelesa irakasteko helburua duten udalekuak, baina ez da gauza bera egiten euskarari dagokionean».
Ikastolen Elkarteko kideen iritziz, ordea, adin tarte hori giltzarria gertatzen da hizkuntzarekiko jarrera batzuk hartzeko, kontzientzia hartzeko eta identitatean lanketa egiteko. «Araban gainera, euskarak dituen mugak ikusita, are gehiago», azaldu dute.
Helburu nagusi euskararenganako motibazioan eragitea izanda ere, egonaldiok deigarri egingo dituzten edukiak bilatzen saiatu dira eta ikus-entzunezkoen alorreran topatu dute erantzuna. «Egingo dituzten ohiko ekintzak egiteaz gain, beste hiru jarduera egingo dituzte: alde batetik grafiti tailerrak; bestetik, film labur bat egingo dute eta horretarako baliabide guztiak jarriko dizkiogu eskura, gero webgunean eskegiko dena; azkenik, Hala Bedi irratiaren lankidetza izan dugu eta Bernedotik Gasteizera etorri eta irratia eta irrati libreen filosofia ezagutzeaz gain, saio bat grabatuko dute», aipatu dute.
EDUKI ETA MEZU BERRITZAILEAK
Edukiak berritzaileak badira, gazte egonaldiak iragartzeko modua ere iraultzailea izan da, eta akaso horretan izena emateak izan duten arrakasta. Interneten «itzelezko presentzia» izan dutela onartu du Amondarainek; izan ere, promozio bideoa «YouTube» webgunean jarri zuten zintzilik. Baina Interneten barrunbeetatik kanpo ere promozio saio ederra egina dute, eskolaz eskola jardun baitute gazteei beren eskaintza ezagutzera ematen. «Horrek ere asko lagundu du, ikasgeletan sartzea eta irakaslea ez den pertsona bat udarako proposamenekin etortzea interesgarria iruditu baitzaie oso gazteei». Bidea bezain garrantzitsu da, ordea, mezua bera eta erabilitakoekin nahiko gustura agertu dira Arabako Ikastolen Elkartean. «Gazteok egina» edota «entzun gaitezela» leloak baliatu dituzte eta «hartzaileak gazteak direnez, harrera ona egin diete». Gainera, bete-betean asmatzen du euren asmoekin. «Egonaldi horietan gazteak eurak dira protagonista eta egingo diren ekintzetan haiek izango dira jardungo dutenak hasieratik amaierara, begiraleak bideratzaile lana baino ez dute egingo». Berritze bide horretan, udaleku hitza ere alboratu dute, ez baita ohiko formula baliatuko. «Ez dira udaleku sinple batzuk izango. Gazteek hartuko dute aurrea aipatu esparruetan nahi dutena egiteko», nabarmendu dute.
Aipatutakoak interesgarriak izanda ere, hainat lurraldetako neska mutilak elkar ezagutu eta harremana izateko aukera izatea ere nabarmentzekoa da.
Izena ematearen emaitzei dagokienez, Amondarainen esanetan, inondik ere ez zuten espero egonaldiek izan duten bezainbesteko arrakastarik lortzea. «Gure helburuen maila askoz ere beherago zegoen», adierazi du. Izatez, otsailean hasi eta apirilaren erdirako itxia zuten lehen txandarako izena ematea, zeuden plaza guztiak bete zituztelako. Are gehiago, jendeak lekurik ez eta kanpoan geratu behar izan du. Lehen txanda horretan, uztailak 5etik 15 era, 12-14 urte bitarteko gaztetxoak izango dira Bernedon. Horiek bueltatu bezain laster abiatuko dira, berriz, 15 eta 17 urte artekoak, astebete igarotzera.