VOLTA A CATALUNYA Azken etapa
Lehertuta baina garaile heldu zen Samuel Sanchez
Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak helmuga pasa eta lurrera erori zen, ahituta, igoeraren azken metroetan Alexandre Vinokourov gainditu eta gero
BARCELONA
Ozta-ozta, baina garaipen batekin itzuliko da Euskaltel-Euskadik Kataluniako Voltatik.
Ozta-ozta, azken etapa arte itxaron behar izan zuelako eskuratzeko, baina baita Samuel Sanchezek azken metroraino ezin izan zuelako ziurtatu ere. Asturiarrak etsai gogor baten aurka borrokatu behar izan zuen, Alexandre Vinokourov, baita bere indar-eskasiaren aurka ere, Tibidaboko igoeraren azken metroetan. Izan ere, Sanchez, lurrera erori zen, ahituta, helmuga pasa bezain laister, azken metro horietan egindako esfortzuaren ondorioz.
Lloret de Mar eta Tibidaboren artean ibili zen azken etapak gainerako protagonistak ere izan zituen. Besteren artean, 36. kilometroan alde egin zuten Sandy Casarek, Benoit Vaugrenardek eta Bradley Wigginsek. Hainbat kilometro egin zuten lasterketaren buruan; betiere pelotoiaren kontrolpean, helmugaratzeko hamar kilometro besterik geratzen ez zirenean ihesitakoak harrapatuta izateak nabaritzen duen bezala.
Azken igoeran, Vinokourovek indartsu salto egin zuen eta bazirudien etapa irabaziko zuela. Baina Sanchezek nonbaiten aurkitu zituen kazajarra azken metroetan gainditu eta Euskaltel-Euskadiren denboraldiko bosgarren garaipena eskuratzeko. Sailkapen orokorrean ez zen aldaketarik egon eta, beraz, Vladimir Karpetsek amaitu zuen lehen postuan.
Arnasa errekuperatu eta gero, Sanchezek garaipenarekin «disfrutatu ezin izan» zuela onartu zuen, «oso gogorra egin zaidalako», baina oso pozik agertu zen, «horrek lasaitasuna ematen diolako taldeari Tourraren aurretik». Asturiarrak, halere, Euskal Bizikleta dauka hurrengo helburua. «Etxeko karrera da, oso garrantzitsua», esan zuen.