GARA > Idatzia > Kirolak

BAT FORMULA Monacoko Sari Nagusia

Alonsok eta Hamiltonek erakustaldia egin zuten Montecarlon

McLaren-Mercedes etxeko bi gidariek itzuli bateko aldea atera zieten guztiei, Massari izan ezik. Dena dela, hirugarren postuan bukatu zen brasildarra eta minutu bat baino gehiagora sailkatu zen

Aritz SORZABAL | MONTECARLO

McLaren-Mercedes etxeko ordezkari Fernando Alonsok eta Lewis Hamiltonek erakustaldia egin zuten atzo Monacoko Sari Nagusian. Gidari guztiei itzuli bateko aldea atera zieten, Felipe Massari izan ezik. Brasildarrari, ordea, minutu bat eta bederatzi segundoko aldea kendu zion garaileak, hau da, Alonsok

Balentria horren ondorioz, asturiarra eta Hamilton Munduko txapelketako sailkapen nagusiko lehen postuan berdinduak daude 38 punturekin. Horien atzetik Massa dago, 33 punturekin. Atzo azkenean puntu bat eskuratzea lortu zuen Raikkonek eta laugarren dago, baina 23 punturekin bakarrik. Finladiarra hamaseigarren postutik irten zen, eta azkenean zortzigarren bukatu zuen.

Monacoko Sari Nagusia lehen itzulitik erabakita geratu zen. Izan ere, irteera garbia izan zen eta lehen biraketetatik Alonsok eta Hamiltonek hartu zuten aurrea. Espainolak itzuli azkarrenak sinatu zituen, eta bereharala abantaila hartu zion bere taldeko kideari. Hamaseigarren itzulirako, Hamilton zazpi segundura zegoen, eta Massa bederatzi segundora.

Ordurako, itzuli bat kentzea lortu zion Alonsok zenbait autori, eta horiei aurreratzeko orduan zenbait segundu galdu zituen. Hortaz, Hamilton pixka bat gerturatu zen -bi segundo kendu zituen bost itzulitan-, baina Massa oso urrutitik jarraitzen ari zen McLaren-Mercedes etxeko bi gidarien lehia.

Hala ere, Alonsok oso eroso jarraitu zuen aurrean, eta Hamiltonek burua hartu zuen soilik asturiarrak boxetan gelditu zenean. McLaren-Mercedes etxekoen erakustaldia gero eta nabarmenago bihurtu zen, eta ez zen batere zirrararik egon. Ezta ere hirugarren postuaren jabe nor izango zen jakiteko. Izan ere, bi lehenengoengandik oso urruti ibili bazen ere, Massak ez zuen arazorik izan podiumera igotzeko.

«Lasterketa harrigarria»

Lasterketa bukatu ostean, Alonso pozik agertu zen. «Lasterketa harrigarria izan da, baita borobila ere, hasiera-hasieratik gainera. Aurreikusitakoa bezala atera da, agian zertxobait hobe», aitortu zuen. «Hamazazpi lasterketa irabazi ditut, baina inoiz ez hirugarrenari minutu bateko aldea aterata», erantsi zuen asturiarrak.

McLaren-Mercedes etxeko beste kide Hamiltonek, berriz, nabarmendu zuen ez zuela zentzurik egungo txapelduna aurreratzen saiatzea. «Fernandorengandik ahalik eta gertuen joaten saiatu naiz, baina ez zuen inongo zentzurik arriskatzea maniobra zail batekin», adierazi zuen gidari gazteak.

berdinduak

Atzoko garaile Alonso eta taldeko kide Hamilton Munduko txapelketako sailkapen orokorreko lehen postuan daude, 38 punturekin berdinduta. Massa hirugarren da, 33 punturekin.

Octava y undécima plaza para los pilotos de Epsilon Euskadi

El piloto italiano de Epsilon Euskadi, Davide Valsecchi, finalizó ayer en octavo lugar en las World Series de Monte-carlo. Su compañero Filipe Albuquerque, que acabó undécimo, mantuvo el tercer puesto en la clasificación del Campeonato.

La carrera disputada ayer fue dominada de principio a fin por el poleman Alvaro Parente, seguido por Sebastián Vettel y Salvador Duran. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo