GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko IV. Grafiti Lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu berri dute

GARA | BILBO

Bilbok hartu zuen atzo Euskal Herriko Grafiti Lehiaketaren IV. edizioaren aurkezpena. Hain zuzen ere, pren- tsaurrekoan Topaguneko kideek jakinarazi zuten lehiaketaren buruz burukoa uztailaren 14an izango dela Gernika-Lumon, baina izena emateko epea hamar egun lehenago amaituko da, uztailaren 4an.

Parte hartzeko eskariarekin batera, lehiaketan egin nahi den grafitiaren zirriborroa bidali beharko da. Eta, hala, epaimahaiak zirriborroak aztertu eta guztien artean aukeratuko ditu uztailaren 14ko buruz burukoan Gernika-Lumoko hamar hormatan margotuko direnak. Bertan hiru sari banatuko dituzte lanik onenen artean: 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak, alegia. Oinarrien testu osoa eranskin batean jaso dute, eta lehiaketaren web orrian ere badator (www.topagunea.org/graffiti).

Ekimen ibiltaria

Mendaron, Getxon eta Tolosan egindakoen ostean, Euskal Herriko Grafiti Lehiaketaren laugarren edizioa izango da Gernika-Lumokoa.

Arduradunek gogorarazi zutenez, lehiaketa antolatzeko helburu nagusia «gazte jendea euskararen mundura erakartzea da, haren gustuko jarduerak antolatuz. Izan ere, gazteek euskara erabiliko badute, ezinbestekoa baita gazteen erreferentzia diren kultur adierazpide berriak ere euskaraz garatzea».

Dena den, euskarari ez ezik, grafitiaren munduari ere egiten dio ekarpena lehiaketak. Iazko edizioak, esate baterako, grafitia bera zer den irakatsi zion ikusle askori, eta batek edo bestek jendaurrean ere aitortu bezala, aurreiritziak baztertu eta grafitiez gozatzeko aukera eskaini zion.

Lehiaketaren buruz burukoa Gernika-Lumoko Gazte Planean eta hiriaren bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratzeko ekitaldietan sartu nahi izan du Udalak. Hori dela-eta, egunean bertan -lehiaketatik kanpo- egingo duten grafitietako bat Picassoren margo ospetsuaren bertsio bat izango da.

AgroSkate jaialdiarekin bat

Atzo jakinarazi zutenez, asteburu horretan bertan ere, AgroSkate jaialdia izango da Gernika-Lumon, eta eguneko egitarauaren zati handi bat elkarlanean antolatu dute Topaguneak, Udalak eta AgroSkatek. Grafitia, skatea, musika, dantza... parte-hartzaile edo ikusle moduan ere egun-pasa «eder eta ikusgarria» euskaraz egiteko beta izango da, beraz, herrian.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa duela hamar urte sortu zuten, eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 euskara elkartek osatzen dute gaur egun.

Atzo nabarmendu bezala, elkarte horien guztien eta Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Eta, horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktikak, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo