«Gritos en el pasillo», izua kakahuete bizidunen eskutik
GARA | DONOSTIA
Fuerteventuran sortu eta grabatua, kakahueteekin egindako lehenengo film luzea estreinatuko da gaur Bilbo (Multizinemak), Barakaldo (Max Ocio) eta Gasteizen (Guridi). «Gritos en el pasillo» Juanjo Ramirez gidoilari eta zuzendariaren eta honen lagun Alby Ojeda argazki zuzendariaren elkarlanetik sortutako lana da. 24 urte zituztela ekin zioten grabaketari eta, horretan bost hilabete eraman bazituzten ere, bi urteko lana behar izan dute muntatze prozesua amaitzeko.
Filmak haurrentzako ipuinak irudiztatzen dituen gizon ospetsu bat du protagonista: eroetxe bateko paretak marrazkiz bete beharko ditu bertako giroa alaitzeko eta, lan erraza dirudien arren, egoerak okerrera egingo du zoko ilun batetik datozen hots beldurgarriak entzuten hasten denean.