MIGUEL TORRE, LEONIE AGUERGARAY ETA BEÑAT ELIZONDO, EH BAI KOALIZIOKO HAUTAGAIAK
«Abertzaleon artean elkarlanaren txertoak era naturalean hartu du»
Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko hautesleak bozkatzera joateko egun gutxi falta dira eta GARAk kanpaina nola joan den galdetu die Euskal Herria Bai (EH Bai) koalizioako hautagaiei.
Urte askotan alderdi abertzaleak bata bestearengandik aldenduta aritu dira. Kanpaina honetan, aldiz, elkarlanean ari zarete. Nola bizi duzue esperientzia hau?
Miguel Torre: Pertsonalki oso ongi. EA, AB eta Batasuneko militanteak gustura ari gara lanean eta ez naiz ari esku-orrien banaketa soilari buruz. Gure iritziak eta gogoetak trukatzerakoan ere gustura ari gara. Elkarlan hori garatu nahiko nuke, finean, elkartzen gaituena banatzen gaituena baino gehiago baita.
Leonie Aguergaray: Elkarlan honek esperantza handia piztu du eta areagotu beharko litzatekeela uste dut. Zubiak eraiki eta indartu behar ditugu.
Zer harrera izan du EH Bai-k? Zer diote hautesleek koalizioan aurkeztu zaretelako?
Beñat Elizondo: Lehenik kontuan izan behar dugu jendea, orokorrean, ez dagoela politizatua, hau da, ez dituela segitzen alderdi abertzaleen arteko gorabehera guztiak xehetasunez. Gainera, alderdi batekin edo bestearekin bat egiten ez duen independente asko dago. Horregatik ez du askotan ulertu abertzaleok bereizita aurkeztea eta oraingo batasuna oso ondo hartu du. Abertzale ez direnen artean, gero, lortuko ditugun emaitzen arabera ikusiko da eragina.
L.A.: EH Bai koalizioa, hasieran, alderdien zuzendaritzetan adostu baldin bazen ere, oinarrian ez da dekretuz etorri den zerbait bezala hartu. Gure hautes-eremuan hastapeneko bilkurak egin genituelarik, abertzaleen arteko elkarlanaren txertoak era naturalean hartu zuela ohartu ginen.
M.T.: Nire iritziz, abertzale ez direnek ere errespetuz hartu dute gure hautagaitza eta informatzeko halako gosea sumatu dut. Esaterako, joan den astean Angelun izan ginenean, jendea inguratu egiten zitzaigun galderak egitera.
Zein da EH Bairen helburua?
M.T.: Euskal Herria herri bezala agerraraztea da gure helburu behinena. Bertako arazoei erantzuteko eta gure berezitasuna indartzeko instituzio baten beharra irudikatzea nahi dugu, instituzio bat urrats bat izango baita abertzaleon azken helburuetarako. Izan ere, gu, atzetik eta urteetan abertzaleak egindako lanaren bilanaren edo proiektuaren eramaleak edo segida besterik ez gara.
B.E.: Herrietan eta karriketan gabiltzanean, askori entzuten diogu: `Ah! C'est la candidature basque' (euskal hautagaiak dira). Hori da, hain zuzen ere, agerrarazi nahi duguna. Hori diotenak euskal herritarrak direla ere ez dira ohartzen edo, menturaz, ez dira oraindik ausartzen sentimendu horren bidean urratsa egitera.
EH Bairekin boz abertzalea emendatzea espero al duzue?
B.E.: Ene ustez, elkarrekin aurkezteak segurasko boz kopurua handituko du baina ez da espantu gehiegi egin behar ere. Jakin, badakigu abertzaleon arteko zatiketengatik jende multzo handi bat ez dela azken urteotan bozkatzera joan. Zatiketak epeldu egiten zituen. Orain, bederen, ez dute horren trabarik izanen.
Beste alderdietako hautagaiekin harremanik baduzue? Nola ikusi dute EH Bai?
L.A.: Irulegi irratian hautagaien arteko eztabaida izan da joan den astean eta beste hautagaiek errespetuz hartu gaituzte. Beste kolektibo edo talde batzuekin bilkurak eskatu ditugunean ere, aintzat hartzen gaituztela ohartu gara. IV. hautes-barrutian, adibidez, presidentzarako hauteskundeetan Jose Bove babestu zuten taldeek, Gauche Alternativek, EH Bairentzat eskatu du boza, Euskal Herriko auziari buruz dugun ikuspegiarekin eta gure eskaerekin bat egin baitute.
Kanpaina nahiko dinamikoa egiten ari zarete. Kalean behintzat ageri da EH Bai. Jendeak interesa erakusten al du ala dagoeneko kanpainetaz akitua dagoela uste duzue?
B.E.: Bistan da guk ez ditugula beste alderdien medioak. Estatuko alderdiek beren mezua igortzeko dituzten bitartekoetatik oso urrun gaude. Gainera, orokorrean, hemengo prentsa eta hedabideak uzkur ibiltzen dira gurekin, segurasko `goitik' heldutako manuengatik. Horregatik, gure mezua helarazteko behartuak gira beste motako kanpaina egitera. Tokian tokiko eragileak inplikatzen saiatzen gara, esaterako, Ziburuko portuan arrantzaleekin batera egin genuen ekimena edo, Biarritzen autopistako ordainlekuko heziak ordubetez altxa genituenean bertako biztanleentzat bidesaria kentzeko eskatuz, ikusgarria izan zen.
Hautatuak suertatuko bazinateke, zein arazori helduko zeniekete lehendabizi?
L.A.: Nik ezin dut bakarra zehaztu. Bederen, bi. Iruñea eta Donibane-Garazi lotzeko 2x2 autobidearen proiektua berehala izoztuko nuke eta ez soilik ingurumenari egingo lioken kalteagatik. Errepide hori bi polo nagusietan oinarritzen da eta tartean harrapatzen dituen herrien desertifikazio sozial, ekonomiko eta demografikoa ekarriko du; hitz batean, gure lurraldearen heriotza eragingo luke. Beste arazoa gure eremuaren lurraldetasunarena da. Hautes-barruti hoen osaketa oso maltzurki kalkulatua da. Nafarroa Beherea eta Zuberoako zazpi kantonamendu eta Biarnoko zortzik osatzen dute. `Dosifikazio' hori euskal lurraldea urtzeko pentsatua da eta hori berehala aldatuko nuke.
B.E.: Gure hautes-eremuan, dudarik gabe, etxebizitza politika eraldatuko nuke. Espekulazioaren aurkako lege zorrotza egingo nuke, baita laborantzarako lurrak jasaten dutenari aurre egiteko ere. Bertako biztanleentzat, bereziki gazteentzat, etxebizitza sozialak bideratuko nituzke (egun, 4.000 eskaera daude kostaldean) eta bigarren etxeei muga jarri eta legeak diona betearazi, hau da, tasa gehiago ordainarazi.
M.T.: V. hautes-barrutirako bakarrik ez bada ere, Euskal Herriko bi aldeen arteko harremanak sakonduko nituzke elkarrekin lan egiteko. Garapen iraunkorraren bidetik, azpiegitura proiektu erraldoiak, bereziki, Abiadura Handiko burdinbide berria egitearena geldiaraziko nuke, gaur dagoenarekin erabiltzaileentzat eskaintza bikoiztea posible baita. Eztabaida zabal eta demokratikoa egingo nuke garraioari buruz, denen artean benetako beharrak zehazteko.
Eta hautatuak ez bazarete edota bigarren itzulian ez aurkeztea deliberatzen baduzue, beste hautagairen batentzat eskatuko duzue boza?
M.T.: Lehen itzuliaren ostean, barruti bakoitzeko biltzarrek erabakiko dute zer egin. Dena dela, nik pertsonalki argi daukat ez dudala, ez Grenet ez Espilondo bozkatzea eskatuko.
B.E.:Ezta nik ere Michèle Alliot-Marierentzat!
L.A.: Euskal Herriari ez erraten diotenei boza ematera ez dut deituko.