GARA > Idatzia > Kultura

Tragikomedia absurdoa

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Ekaineko zirimiriak bustitako Tragedia portuko kafetegian sartu da bere gabardina beltzarekin. Soinetik erantzi du poliki, gorputza mugitze hutsak mina emango balio bezala eta metalezko esekitokian zintzilikatu du. Mahai txiki biribilari erreparatu dio eta ondoko aulkian eseri da bakardadean. Zain dago. Eta zain jarraituko du zirimiria agortzearekin batera Komedia kafetegian sartuko den arte.

Tragedia: Berandu zatoz.

Komedia: Melo eta Dramarekin topo egin dut. Melo Dramarekin haserretu da, Drama Ongiarekin maitemindu delako. Eta Drama Melorekin haserretu da, Melo Gaizkiarekin maitemindu delako. Eta...

Tragedia: Ezin dut gehiago, Kome.

Komedia: Ba nik bai, gaur txalo gutxi bazkaldu ditut eta...

Tragedia: Ezin dudala gehiago, Kome!

Komedia: ¡Pues para ya de comer, Traje! Ez zaizula ehorzketako trajea sartu ere egingo! Baina nik irribarre erraldoi bat ere jango nuke...

Tragedia: Gaur jakin dut nire patua, Kome.

Komedia: Traje, orain arte ez naiz zuri esaten ausartu baina... gutxiago jango bazenu... Erosoago sentituko zara hilobiaren barruan eta...

Tragedia: Nire amaren alaba zaharrenak zesareaz jaiotako bere iloba Ediporen seme ordekoari geranio batek buruan jo, eta erreboteak nire hatz txikia betiko paralizatua utziko duela esan didate laugarren solairuko nire bizilagun Kori eta Feok.

Komedia: Zu ez zaude ondo, Traje. Ziur al zaude dietan hasi nahi duzula?

Tragedia: Jakina ez nagoela ondo, Kome! ... ¡Tú come y escúchame! Zerbait egin beharra daukat nire hatz txikia betiko paralisiaren patutik libratzeko.

Komedia: Erraza da hori, Kome. Dia supermerkatura joan zaitezke eta bertan saltzen diren geranio guztiak erosi. Horrela zure amaren alaba zaharrenaren zesareaz jaiotako bere iloba Ediporen seme ordekoari ez dio geranioak buruan joko, errebotea ez da zure burura iritsiko eta etxea lore ederrez apaindua izateaz gainera, ¡Fueron felices y comieron perdices! ...Traje... ondo al zaude?

Tragedia: Nire geranio txikia betiko paralizatua utziko duen buruko errebotea eragingo duen nire amaren hatz zaharrenaren zesareaz jaiotako ordeko iloba, Ediporen semearen geranio ordekoaren hatzeko kolpea eragingo duena ... Kome! Nire amaren alabarik zaharrena neu naiz!

Komedia: ¡Pues yo a come (r de) día que a la noche sienta mal, como el melón!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo