Xabier Silveira Bertsolaria
Aurrera neska-mutilak
Mi(g)el ezti esaten dela ohartu eta guttira konturatu nintzen euskaldunak ordubeteko atzerapena daramaten anaiak garela, Inperioa dela arazoa; herriak, etorkizun posible bakarra
Axi-n amonak igel eta kontrabandoko arroka artetik horrela esaten zuen: Gure mutilak nazkatzen ari dituk. XXI. mendeko euskaran neska-mutilak esango litzateke, baina esanahia berbera da. Aurrera neska-mutilak esateko beste modu bat, arrazoia ez dabilelako urrutiegi; zentzuna, egia, bihotz bat urtzear bebera delako, aurrera neska-mutilak!
Poesiaren zentzuak hala eskatzen duelako, zuek hor zaudeten bitartean, poesiak iraungo duelako, ametsen errepublikak, euskaldun askeak izatearen ilusioak bixi-bixi jarraitzearen arrazoi zaretelako, aurrera neska-mutilak!
Urruti nago hortik, oporretan-edo. Baina aspaldi ez bezain hurbil. Ohean asaltatu naute -asaldatu ez- faxista espainolen zaunkek eta garraxi batek esnatu nau: aurrera neska-mutilak, zuek zaudeten bitartean, herri bat da hau, herri bat gara.
Ez naiz bustiko krokodilo malkoetan, noiz eta orain, beste esatekorik ez dugunean ez dena, aurrera! Eutsi goiari, bide horrek helmuga duelako sari, baina bide horrek bakarrik. Aurrera neska-mutilak! Eta ez da zutabea betetzeko modu bat, ez, nire birika Xaguen-tuek horixe arnasten dute. Ez nireek bakarrik, hemen, milaka kilometrora ere, euskaraz, hori entzuten dute nire erraiek: Aurrera neska-mutilak! Etsipena ez da hainbeste odol-malko isuri ditugunon hiztegian sartzen, de ke, muyayo!
Zuen hutsunea zuek betetzen duzuelako, hor, guretzako, hor. Zuek, europar dirudun ezkertiarren ereduek, zuek ez etsi mesedez, horregatik, berriz ere, aurrera neska-mutilak! Zuek gabe gu ezer ere ez.
Mundua ikusi nahi dut, baina nire ohetik, maindire hori-gorririk gabe estalkitzat, etxerako bidea, berri txarrak, baina poliki- poliki, bueltatzen; bueltatzen ari zarete eta zai gauzkazuenon partetik, bihotz erdibitutik, aurrera neska-mutilak! Echedey izen guantxe-tzat daukaten irla honetatik, etxedeia, aurrera neska mutilak!
Zuek ez zarete ezkutatzen maite duzuena gorrotatzen duzuenean, ezta gorroto duzuena maite duzuenean ere. Bizimodu zentzugabe honi inork irtenbiderik ematekotan, zuek, neska-mutilak, zuek eta zuen etorkizuna ulertzeko moduak; aurrera neska mutilak!
Mi(g)el ezti esaten dela ohartu eta guttira konturatu nintzen hemen euskaldunak ordubeteko atzerapena daramaten anaiak garela, Inperioa dela arazoa; herriak, etorkizun posible bakarra. Mieltxok berak esan zuen ilargi ttantta honetara iritsi bezain laister, bertze hitz zehatzago batzuekin, aurrera neska-mutilak! Eta ez zegoen arren, Edu-k, aurrera neska-mutilak! Eta badakit hor, eta han, eta euskal maitasunak txoko bat aurkitu duen munduko leku guztietan, egun hauetan besarkada ozen batek hitz egiten duela gure biho- tzaren ordez: aurrera neska-mutilak!
Ez gaitzatela engainatu, haiek dira odolak elikatzen dituztenak. Haiek heriotza banderatzat hartu dutenak. Zuek, zuek... Aurrera neska mutilak!