Top 14
Biarritz hasierako helburuetatik oso urrun geratu da
Avironek, berriz, Liga hasiera oso eskasa izan zuen; baina bigarren itzuli bikainaren ostean mailari eustea lortu zuen, nahiz eta lan erraza ez zirudien
Jon LEUNDA | BAIONA
Amaitu da denboraldia maila nagusian dabiltzan bi euskal taldeentzat, eta ezin esan ona izan denik. Biarritzek ez ditu helburuak bete, eta Avironek mailari eutsi baldin badio ere, gauzak ez dira nahi bezala joan.
Biarritz ilusio handiarekin abiatu zen denboraldian. Iaz Europako Txapelketako finalean izan zen, eta Liga irabazi zuen. Iazkoa errepikatu nahi zuten, eta ahal bazen, bietan garaile atera. Horretarako egin zuten taldea, baina gauzak ez dira nahi bezala joan.
Hasieratik ikusi zen Biarritz kili-kolo. Etxean partidak aurrera ateratzen zituen, baina Agileratik kanpo puntuak batzea asko kostatzen zitzaien. Ligaren hastapenarekin batera abiatu zen Europako Kopa ere, eta hor lapurtarrek oso itxura ona eman zuten.
Ligan ematen zuen maila, eta Europakoak oso ezberdinak izan ziren, eta azken lehiaketako lehen faseko talderik onena izan zen talde lapurtarra. Final-laurdena Anoetan, Donostian, jokatu zuten, eta inork gutxik uste bazuen ere kanpoan geratu zen Northamptonen aurka. Galdu eta itxura kaskarra eman, biak bat izan ziren.
Europatik kanpo geratzeak kolpe latza eman zion talde lapurtarrari, baina orduan Ligako finalerdietan sartzea ezinbesteko bihurtu zen, baina helburu hori ezin izan zuten azkeneko jardunaldiaren aurretik lortu. Finalerdietan Stade Françaisen aurka jokatu zuten, eta galdu egin zuten.
Beraz, helburuetatik urrun geratu da, baina horretaz gain taldeak eman duen itxura ere kaskarra izan da. Jokalariek ez dute eman itxaron zitekeen maila, eta partida txar asko egin dituzte. Atzean huts asko egin dituzte, eta aurrean egin beharreko hori ere egin gabe geratu da.
Orain azterketa sakona egin beharko dute, eta egin behar diren aldaketak egin beharko dituzte taldean. Heldu den urtean, gainera kolokan dago Europako Txapelketa. Hasiera batean Frantziako eta Ingalaterrako Ligetan dabiltzan taldeek bertara ez joateko hautua egin zuten, baina badirudi akordioa geroz eta gertuago dagoela.
Hasiera negargarria
Avironen hasierako helburua Ligaren erdialdean ibiltzea zen, azken urte hauetako larrialdirik ez pasatzeko; horretarako taldea berritu egin zuten. Amaieran ezusteren bat ematea ere ez zuten baztertzen, baina azkenean mailari eusterekin konformatu behar izan dute, eta gauzak nola hasi ziren, eta nola joan ziren ikusita, ez da gutxi, denboraldiaren lehen erdia amaitu zenean, ia ezinezkoa ematen baitzuen heldu den urtean Top 14an jarraitzeak.
Zortzigarren jardunaldira bitarte ez zuten punturik lortu, eta hala, oso atzean geratu ziren. Gerora ere, garaipenak lortzea asko kostatzen zitzaien, eta kezkak eta urduritasunak azkar agertu ziren Baionan. Entrenatzaile aldaketa heldu zen, baina horrekin ere kosta egin zitzaien denboraldiari tamaina hartzea, eta lehen itzulia azkeneko postuan amaitu zuten, salbazioatik nahiko urrun.
Bigarren itzulian, ordea, gauzak aldatu egin ziren, eta garaipenak heldu ziren. Horrekin batera puntuak gehitzen hasi ziren, eta aurretik zituzten taldeak gerturatu egin ziren pixkanaka.
Sei jardunaldiren faltan atera zen lehen aldiz jaitsierako postuetatik, eta hortik aitzinera hor ibili zen. Behetik gora etorri ziren, eta amaieran oso puntu gutxi galdu zituzten. Azkeneko jardunaldian lortu zuten mailari eusteko txartela.
Hauek ere azterketa sakona egin beharko dute, eta agian ez dituzte egin beharko iaz egin zituzten bezainbeste aldaketa. Hasteko, behintzat, Daniel Larretxea etxera itzuliko da Ingalaterran bi urte pasatu ostean, eta hori fitxatze oso garrantzitsua izango da.
Azkeneko urtetako derbietan, talde bakoitzak partida bana irabazi izan du, baina aurten biak Biarritzek eraman ditu, eta zuri-gorriek, behintzat poztasun hori izan dute.
Biarritz iazko urteko lana errepikatzeko asmoarekin abiatu zen, baina Europatik azkar, inork uste ez zuenean, kanporatu zuten. Ligan, doi-doi heldu da finalerdietara, baina ezin izan du aurrera egin
Aviron Baionakoak taldea ia erabat aldatu zuen, Top 14ari estuasunik gabe eutsi ahal izateko, baina zortzigarren jardunaldira arte ez zuten garaipenik lortu, eta horrek gauzak asko zaildu zituen