GARA > Idatzia > Kultura

Ofizialtasunaren bidean haize berria dakar ACT antzerki eskolen jaialdiak

Euskal Herrian antzerki titulu homologaturik ez egoteak ez ditu atzera botatzen sortzaile berriak. Horren adierazle dira Barakaldoko BAI eskola eta honek antolatutako ACT nazioarteko jaialdia. Gazteek gaur dute egun handia: euren pieza laburrak aurkeztuko dituzte.

Amalur ARTOLA

Badira lau urte ACT Sortzaile Berrien Nazioarteko Antzerkialdia aurkeztu zutenetik, Bizkaiko Antzerki Ikastegia-ren (BAI) ekimenez. Dagoeneko ez dute hasierako urduritasunik, urteroko lantaldeari eutsi eta bai baitakite gauzak aurreikusi egiten dituztela, jaialdia bera prestatzen bakarrik sei hilabete ematen baitituzte. Lehenengo urteko buruhausteak pasata, eurek bila joan beharrean orain eskaerak etorri egiten zaizkie eta, horrela, aurten Euskal Herriko, Estatu espainoleko eta nazioarteko 150 obra aurkeztu dira lehiaketara eta eurek 21en hautaketa egin dute (orotara 35 lan aurkeztuko dira).

Ikasleek ikasleentzat egindako jaialdia izaki, hauek parte hartze handia izan ohi dute, hasi publizitatetik, pasa produkziotik eta kanpotarren ongietorri eta laguntzaile izateraino. Ikasle ohiek eta BAI eskolako irakasle eta langileek ere badute zereginik, baina batez ere «bulego kontuetan». Halaxe azaldu du Joseba Lazkanok, BAI eskolako zuzendari eta ACT jaialdiko antolatzaileetako batek. «Sekulako esperientzia da ikasleentzat, alde guztietatik etorritako pertsonak eta antzerkia ezagutzeko. Elkartrukerako gunea da, harremanak egiteko, grina indartu eta gauza berriak probatzeko gogoa pizteko... Jaialdian murgilduta egotea aberasgarria da eta lau urte hauetan izan den feed back-a, bikaina». Kanpotik 200 ikasle inguru etorri dira eta horiei Bilboko ostatuetan egiten diete lekua. Esan digutenez, ordu txikietan «sekulako festak» izaten dira horietan.

Sortzaile berrien lan laburrek hartuko dute aurten nagusitasuna eta, horiek, gaur aurkeztuko dituzte Bilborock, La Merced eta Clara Campoamor kultur etxean. Ohiko klasikotasun eta formaltasunetik ihes egin nahirik, freskotasuna eta gazteek duten arriskatzeko grina bilatzen du ACTek eta, «jaialdiak horretara eraman gaituenez», aurten produkzio handiak bigarren maila batean utzi eta haize berriak ekarri nahi izan dituzte. Eskoletatik irten berriak diren ikasleen lanak ez direla amateur-rak erakutsarazi nahi dute, lan interesgarri, berritzaile eta esperimentalak direla eta, BAI eskolaren sorreran hausnartu zuten moduan, ikerkuntza lantzeak berebiziko garrantzia duela.

Lazkanok, eibartarra jatorriz, gogoan du orain hamaika urte iritsi zela Barakaldora. Institutuetatik irtenda antzerkiak zeukan irakaskuntza-etena ikusita, talde batek BAI eskola sortzearen aldeko apustua egin zuen: «Barakaldon eman zizkiguten lokalak, eta antzerkia modu ireki eta malguan ulertuta, interpretazioa era zabalean lantzen hasi ginen; idazketa, inprobisazioa, kantua, kale antzerkia, klown, teoria eta historia... Aktore autonomoa sortu nahi dugu, iritziduna izateko, sormenerako eta bere lanak defendatzeko gaitasuna duena, eta hori guztia lengoaia propioa erabiliz modu artistikoan aurkezteko gai dena». Lau urteren buruan ematen dituzte eskolak eta maila ezberdinetako ikasleekin trukeak, umeei eskainitako ekimenak, institutu zein ikastoletako tailerrak eta, astean behin, jendeari eskainitako tailer irekiak antolatzen dituzte. Guztira, 250 pertsona ari dira eskolan.

Gazteek lanerako gogoa eta grina izanda ere, Lazkanok azaldu du maiz entzun behar izaten dutela etxean edo lagunartean «Eta orain, zer egingo duzu?» esaldia. «Eskolatik irten diren guztiek lana topatu duten arren, antzerkiak ez du begiramenik gizartean» eta, honi buelta emateko, bi helburu dituzte: Goi Mailako Antzerki Eskola eta ofizialtasuna. «Ofizialtasunak homologatu egingo luke irakaskuntza eta ikasleak titulua eta horren atzean dagoen guztia edukiko luke etorkizuneko lanerako, antzerkigintzan edo beste edozein arlotan tituluak pisua baitu. Euskal Herria leku bakarra da Estatu osoan antzerki ikasketa ofizialik ez duena eta irakaskuntza kalitatez emateko beharrezkoa da ofizialtasun hori, lekuak eta baliabideak behar ditugulako». Orain, hasieran emandako lokalak kendu dizkietela ohartarazi eta Barakaldo Antzokia eta kultur etxeen artean dabiltzala azaldu du: «Lehengo batasuna galtzen ari gara baina, tira, ondo gaude, denborak esango du nola bukatzen den hau guztia».

Fitxa

ACT Jaialdia: Nazioarteko antzerki eskolen jaialdia.

Data: Bihar arte.

Lekua: Barakaldo: Clara Campoamor kultur etxea eta Barakaldo Antzokia. Bilbo: La Merced, Kafe Antzokia, Bilborock eta Gurutzetako kultur etxea.

Sarrera: 4 euro bakoitza.

Informazioa eta egitaraua: www.actfestival.com

Bizkaiko Antzerki Ikastegia: BAI Bilbo: Ollerías, 10.

Bulegoa: Clara Campoamor kultur etxea, Gernikako Arbola, 41 (Barakaldo).

Sarean: www.bai-bai.net.

«Happy birthday» act-etik abiatuta nazioarteko maratoian

Antzerki eskolen arteko harremanak sendotzeko asmoz, orain lau urte ekin zion ACTek nazioarteko beste jaialdi batzuekin hartuemanak izateari. Gisa horretan sortu zuten Nazioarteko Gazte Sortzaileen Maratoia, arte eszenikoetako ikasleek euren lana kanpoan ere agerraraztea xede duena. Aurtengoan, Olatz Gorrotxategiren «Happy Birthday» da euskal jaialdiaren ordezkaria. Sortzaile gazte honen eszena zuzendaritza ikasketen bukaera lana izan zen obra hau. Bertan, Gorrotxategik gizakiak talde bateko partaide izateko duen beharra eta, ideia irauliz, taldeak gizakiaren beharra duela irudikatu du, bost antzezle gazteren -Rosa Yunquera, Nagore del Barrio, Urko Olazaba, Marta Calvo eta Alazne Diaz- eskutik. Dagoeneko Serbiako FISTen egon dira eta, bihar Bilbotik pasa ostean, hilaren bukaeran Amsterdamgo IT'S jaialdian eta azaroan Kosovon izango dira. Bihar, 21.00etan, Bilborrocken izango da lana ikusteko aukera eta, euskal taldearekin batera, aipatutako bi jaialdietako ordezkarien lanak ere aurkeztuko dira: «3YM Profil (zoom profile)», Serbia eta Montenegrotik, eta «Wie», Herbeheretatik. A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo