Euskalduntze plana UPV-EHUren «beste iruzur bat» dela salatu du IAk
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) aurkeztu berri duen Euskalduntze Plan Gidariak graduondokoekin euskalduntzeari begirako neurrietaz «ez du inongo azalpenik ematen» eta neurri eta bitartekoen zehaztapenak «ez ditugu ikusten» salatu du Ikasle Abertzaleak-ek.
Kepa PETRALANDA |
«Euskal ikasleok, eta bereziki UPVko unibertsitariok, gogor salatu behar dugu UPVko agintaritzak ikasleoi egin nahi digun iruzur berria; ez da lehen aldia instituzio honek euskalduntzeko asmoa agertzen duela horretarako plan bat mahaigaineratuz», salatu zuten atzo IAko ordezkariek, aurkeztu berria den Euskalduntze Plan Gidariaren inguruan.
IAren esanetan gainera, «egoera hau ez da isolatua eta unibertsitate esparruan bereziki larria da UPNAn gertatzen den euskararen aurkako egoera».
Testuinguruari erreparatuta, «proposamena partziala da; izan ere, Unibertsitatearen euskalduntzea soilik graduak euskalduntzearen helburuarekin lotzen dute eta ez dute inongo azalpenik ematen graduondokoen euskalduntzeari begirako neurrietaz», esaten dute ikasleek. Gainera, IAren aburuz, «aipatzen diren datetan, 2010 inguruan, graduondoko eta masterrek hartuko dituzte 6 urte inguru iraungo duen ikasketa osoaren 2 urte eta, beraz, lan munduari begira derrigorrezkoak izango dira, ez bada kualifikaziorik gabeko lan prekario horietako bat, noski».
Edukien inguruan, bestalde, helburua irakasgai guztiak euskalduntzea dela izanik, «Juan Ignacio Perez errektoreak irakasgai bat euskaraz eskaintzea matrikulazioaren araberakoa izango dela esan du» eta ia erdal adarrean berdin gertatuko den galdetu diote.
«Iragarki komertzalak»
UPV-EHUren euskalduntzean Perezi «aurrerapauso egokiak egiten gabiltza» entzun eta gero, «nola eduki daiteke hain lotsa gutxi?», galdetu dute, kontuan izanik «30 urte beteko direla instituzioa sortu zenetik eta oraindik orain euskalduntzerik ez dela lortu».
Planak aurrez ikusten dituen neurri eta bitartekoen zehaztapenak «ez ditugu ikusten» aipatu zuten ondoren, «eta diruaren arabera funtzionatzen duen mundu honetan, borondateak eta esfortzuak eurotan neurtzen dira eta inbertsiorik ezean, ez dirudi plan horrek ere atzetik borondaterik dakarrenik».
«Euskal ikasleak jadanik nazkatuta gaude hainbeste iragarki komertzialekin» adierazi zuten, eta «geure eskubideak bermatzea da nahi duguna. Horixe da eskatzen duguna, ez gehiago ezta gutxiago ere, eta berme hori lortze bidean borrokan jarraituko dugu, oraindik borondaterik ez baduzue, borondatea izanaraziko dizuegu», aipatu zuten argi eta garbi IAko ordezkariek.
Ikasle Abertzaleak-ek «eskubideekin» ez dela jolasten berretsi du, euskaraz ikasteko eskubidea exijitu du berriro eta «ikasle borrokaz» lortuko dutela nabarmendu zuten atzo.
Euskalduntzean «aurrerapauso egokiak egiten gabiltza» Perez errektoreak esan, eta «nola izan dezake hain lotsa gutxi?» galdetu dio IAk, kontuan izanik «ez dela euskalduntzerik lortu 30 urtean».