ZARAUZKO XXI. TRIATLOIA Aurkezpena
Eneko Llanos arabarrak iazko garaipena errepikatu nahi du
430 parte hartzaile izango dira denboraldiko herri proba ikusgarrienetako batean
Asier AIESTARAN | ZARAUTZ
Parte hartzaileen kopurua, 400 inguru, eta sortzen den giro bikaina, lehiatu diren guztiek esaten dutenaren arabera, izango dira bihar arratsaldeko Zarauzko XXI. Triatloiaren ezaugarri nagusiak. Distantzia luzeko probari -2,5 kilometro igerian, 82,5 bizikletan eta 20 korrika- 15.30ean emango zaio hasiera Getariako portuan eta helmuga, beti bezala, Zarauzko Musika Plazan izango dute triatloilariek.
Faboritoei dagokienez, Llanos anaiak aipatu behar dira beste guztien gainetik. Izan ere, Eneko Llanos gasteiztarra bera da iazko txapelduna eta orain dela hiru bat aste Lanzaroteko Ironman entzutetsua irabazi zuen. Hektor bere anaia ere -iaz Zarautzen 4. izan zen eta Lanzaroten 7. postua eskuratu berri du arazo teknikoak izan arren- irteeran izango da.
Euskaldunen garaipena arriskuan jarri dezaketenak Francisco Pontano argentinarra eta Fernando Cabellos espainiarra dira. Mar de Platakoak bigarren postuan amaitu du Zarautzen azken bi urteetan eta kantabriarra, berriz, lehen postuan ibili zen iaz proba osoan, nahiz eta amaieran laugarren amaitu.
«Gure helburua aurrean ibiltzea da, garaipenaren lehian sartzea. Hortik aurrera ezin dut gehiago esan. Kontuan izan behar da Lanzaroteko proba eta gero atseden hartu behar izan dugula ongi errekuperatzeko eta ez dakit nola iritsiko garen larunbatera. Azkenean, guretzat Zarauzkoa ez da helburua, haiek prestatzeko aukera baizik», onartu zuen Hektor Llanosek atzoko aurkezpen ekitaldian.
Ainhoa Murua, ondoezik
Berri txarrena emakumezkoen proban etor daiteke. Ainhoa Murua zarauztarra, azken bi urteetako irabazlea, ondoezik dabil azken 10 egunotan eta baliteke bihar irteeran ez izatea. «Madrilgo Munduko Kopan parte hartu nuen, baina gaizki errekuperatu naiz. Atzo eta gaur probatzera irten naiz, baina etxera itzuli behar izan dut», aitortu zuen Muruak.
Gipuzkoarrarekin batera, Virginia Berasategi bizkaitarra eta Ana Casares nafarra izango dira emakumezkoen proba irabazteko hautagai nagusiak. Izan ere, hiru horiek osatu zuten 2005eko podiuma.
Probako markarik onenak hauek dira: 3.54.10, gizonezkoetan, eta 4.25.00, emakumezkoetan. Aurten, irabazleek 2.500 euro jasoko dituzte, kopuru bera gizon nahiz emakumezkoetan.