GARA > Idatzia > Kultura

Etorkinei buruzko lanagatik, Etorki(zu)nak saria jasoko du Jon Maiak

Etorki(zu)nak saria emango dio Sakanako Mankomunitateak Jon Maiari, zumaiarrak etorkinen integrazioaren inguruan egin duen lana nabarmentzeko. Albistea pozik hartu du Maiak, «gaiak euskaldunon artean gero eta interes handiagoa pizten duen seinale delako».

Martin ANSO | ALTSASU

Azken urteotan, etorkinen gaia dezente ari da lantzen Sakanako Mankomunitatea, bereziki, hizkuntz integrazioaren ikuspegitik. Bide horretan, Etorki(zu)nak saria sortu du aurten, «etorkinak gure kulturan barnera daitezen baina, aldi berean, haiena gorde dezaten lan egiten duten elkarte, pertsona edo ekimenak» nabarmentzeko. Gaia ongi ezagutzen duten pertsonez osatutako epaimahaia bilduta, lehen Etorki(zu)nak saria Jon Maiari ematea erabaki du. Zumaiarrak, «euskalduntasunetik, bere jatorria onartu eta ondoren aldarrikatu izana» baloratu du. «Ezaguna da -irakur daiteke epaimahaikoek sinatu duten agirian- Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean abuelo eta abuelari bota zien bertsoa; edota berriki Txalaparta argitaletxearekin plazaratu duen `Riomundo' nobela, aurki zazpigarren ediziora iritsiko dena». Baina epaimahaiari «bereziki hunkigarria» iruditu zaio Maia Euskal Herrian barrena ematen ari den hitzaldi mordoa. Hitzaldiotan bere esperientzia eta familiaren bizipenen berri ematen du. «Bizipen horietan -nabarmendu du epaimahaiak- ehunka euskaldunek ikusi dute beren burua islatuta».

GARAk galdetuta, sariaren berri oso pozik jaso zuela aitortu zuen atzo Jon Maiak berak. «Nire ustez -adierazi zuen-, orain arte euskaldunok ez dugu etorkinen fenomenoarekiko jarrera aktibo bat izan, eta sari hau sortu izanak berak agerian uzten du gure artean gaiaren inguruko sentsibilitatea gero eta handiagoa dela».

«Riomundo»rekin bueltaka

Izan ere, «Riomundo» arrakastatsua idatzi zuenean, Maiak ez zuen nobela helburu, kezkatzen zuen gai bat gizarteratzeko bitarteko baizik. «Oso berandu hartu nuen nik neure familiaren jatorriaren kontzientzia. Horri buruz jarduteko beharra nuen eta, horretarako, liburua ia-ia aitzakia izan zen. Are gehiago, dagoeneko hirurogei hitzaldi baino gehiago egin ditut, asko eta asko etorkinen integrazioari buruzko jardunal- dietan-eta, eta gehien-gehienetan nobelaz baino gehiago integrazioaren zailtasunaz hitz egin dut, betiere nire familiaren esperientziatik», adierazi zuen sarituak.

Jon Maiaren ustez, euskaldunok hasi gara, alde batetik, «oraingo etorkinen fenomenoari arreta jartzen eta poliki-poliki horrekiko jarrera aktiboa hartzen», eta, bestetik, «geure historiaren errebisioa egiten». Historia errebisatu behar da 50eko edo 60ko hamarkadetan Estatu espainoletik etorritako horiek ere lekua izan dezaten. «Ez dugu begi-bistatik galdu behar historia berri hori gaur egungo milaka eta milaka euskaldunon historia dela, etorkin horien seme-alabak garelako», esan zuen. Hain justu, errebisio historiko horren beharra aldarrikatzea izan zen Jon Maiak «Riomundo»ri heltzeko izan zuen motibaziorik handiena.

Bide beretik jarraitzeko asmoa omen du. «`Riomundo'ko istorioarekin beste zerbait egin nahi nuke, eta buruan baditut gauza batzuk, baina, mementuz, ezer zehatzik ez», esan zuen.

Etorki(zu)nak saria ekainaren 12an jasoko du Jon Maiak, arratsaldeko 7etan, Altsasuko Iortia kultur zentroan. Saria «Aniztasunaren soinua» eskulturak irudikatzen du. Uharte Arakilgo Miren Uztarrozek egin du, brontzez eta ezpelez.

Sakanako Mankomunitateak jakinarazi duenez, Maia ez zen sarigai bakarra. Anitzak-en, Txema Auzmendiren, Barriketan euskara taldearen eta Fato Cultural Galego Daniel Castelaoren lanak ere «oso ongi» baloratu dituzte epaimahaikoek eta beste urteetarako «aintzat» hartuko dituztela ere iragarri dute.

HITZALDIAK

«Riomundo» nobela bera baino gehiago, horren «aitzakian» Maiak Euskal Herrian barrena egin duen hitzaldi mordoa (60tik gora) baloratu dute epaimahaikoek.

EKITALDIA

Sari ematea ekainaren 12an izango da, Altsasuko Iortia kultur zentroan. Bertan, Miren Uztarrozeren «Aniztasunaren soinua» eskultura jasoko du Jon Maiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo