GARA > Idatzia > Mundua

Xabier Mendigurenen eta Xose Neiraren haur liburu berriak plazaratu ditu Elkarrek

GARA | DONOSTIA

Neska bihurri baten eta munstro beldurgarri baten artekoa kontatzen du «Lierni eta Morrokoa»k, Xabier Mendigurenek plazaratu duen liburu berriak. «Abentura jostalaria da, eta haurren beldurrak uxatzen laguntzen duen liburua», esan zuen atzoko aurkezpen ekitaldian egileak berak.

«Lierni eta Morrokoa», Jose Belmontek kolorezko marrazkiekin edertu duena, gehienbat irakurle hasiberriei begira idatzi du Xabier Mendiguren Elizegik, eta Elkarrek argitaratu du, «Batela» bilduman.

Hori ez zen atzo haurrei begira aurkeztutako liburu bakarra, Elkarrek berak «Txorimalo kutuna» ere aurkeztu zuelako. Animaliekin hizketan egiten duelako, besteak bezalakoa ez den txorimalo bihotz oneko baten istorioa da, Xose Neira galiziarrak idatzi eta Pako Aristik euskaratu duena. Marrazkiak Xaquin Marini zor zaizkio.

«Xaguxar» bilduman argitaratu du Elkarrek, hots, bereziki 10 urte baino gehiagokoentzat aproposa den bilduma batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo