GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJren finantziazioa nahi zuen PNBren helegitea baztertu du Estrasburgok

EAJko finantziazioa nahi zuen Parti Nationaliste Basqueren helegitea baztertu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Lege frantsesak biltzeko askatasuna oztopatzen zuela iritzita jo zuen PNBk Estrasburgora.

GARA

1998an, Parti Nationaliste Basquek (PNB), EAJren Ipar Euskal Herriko adarrak, finantziazio politikoez eta kanpainetako kontuez arduratzen den Estatu frantseseko batzordera jo zuen, EAJko diruaz baliatzen utz ziezaion. Aukera hori ukatu zion, Estatuko Batzordeak bezala, eta prozesu juridikoa hasi zen, Estrasburgoko Auzitegiraino ailegatuko zena.

PNBren arabera, eskaerari ezezkoa emanda, biltzeko eta adierazteko askatasunari trabak paratu zizkion Estatu frantsesak. Hegoaldeko dirurik gabe ezin izanen zuela ekintza politikoarekin jarraitu argudiatu zuen Ipar Euskal Herriko EAJk. Hain alderdi txikia izanik, zail ikusten zuen hauteskundeetan parte hartzeagatik finantziazio publikoa lortzea.

Orain, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzera bota du PNBren helegitea eta Estatu frantsesaren abokatuak emandako azalpena onartu du: «Lege nazionalak debekatu egiten die alderdi politikoei atzerriko pertsona juridikoengandik finantziazioa lortzea». Adierazpen horren aldeko sei boto izan dira, eta kontrako bakarra.

«Subiranotasuna babesteko»

Estrasburgoko Auzitegiaren aburuz, arrazoizkoa da «atzerriko Estatuetako alderdien finantziazioa debekatzea», beharrezkoa deritzo «subiranotasun nazionala babesteko». Gainera, modu horretan «politikako finantziazioaren gardentasuna» ziurtatzen dela argudiatu du.

Hala eta guztiz ere, Auzitegiak zera onartu du: «Ez gaude erabat ados atzerriko alderdi batetik datorren finantziazioa subiranotasunarentzat kaltegarri dela dioen ideiarekin, alderdi politikoak Europan integraziorako faktore izan daitezkeelako bereziki».

Edonola ere, Estatuei uzten die Europako Auzitegiak «alderdi politikoek atzerritik etorritako zein funtsa jaso ditzaketen erabakitzeko aukera, oinarrizko askatasunen aurka egin gabe».

Era berean, magistratuek ukatu egiten dute Hego Euskal Herriko EAJren dirurik gabe PNBk bere lanarekin jarraitzeko zailtasunak izanen lituzkeela dioen argudioa. Izan ere, «bertze bide batzuetatik ere lor dezakete dirua: eurekin elkartzen direnengandik, bertze alderdi politiko frantses batzuengandik baita atzerriko pertsona fisikoengandik ere». Hauteskundeetako emaitzengatik ere lor ditzake laguntzak PNBk, Estrasburgoko Auzitegiaren arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo