Donostiako Antzerki Feria ikuskizun eta estreinaldiz jantziko da
Uztailaren 10a eta 14a bitartean izango da Donostiako Antzerki Feriaren datorren edizioa. Hainbat eta hainbat dantza estreinaldi eta ikuskizun egongo da, atal horrek gero eta protagonismo handiagoa baitu Ferian. Hamairugarren edizio honetan, hitzorduak Victoria Eugenia agertoki «enblematikoa» berreskuratuko du, antzokia ekimenaren ardatz bihurtuta. Atzo aurkeztu zituzten prentsaurrekoan prestatu duten programaren nondik norakoak.
GARA | DONOSTIA
Victoria Eugenian egingo den Antzerki Feriaren hasiera-ekitaldia Carolyn Carlson koreografo amerikarraren esku egongo dela jakinarazi zuten atzo Donostian egindako aurkezpenean. Emakume horrek «dantzaren historia osoa dauka bizkarrean», esan zutenez, eta «Inanna» aurkeztuko du, jainkotasunari eskainitako omenaldia, emakumezkoaren misterioari buruz zazpi dantzarik biribildutako lan ederra, hain zuzen.
Ondoren, Heddy Maalen jatorri frantziar-algeriarra duen koreografoaren konpainiaren txanda izango da, Victoria Eugenian azken ikuskizuna emango baitute, Igor Stravinskyren «Udaberriaren eskaintza», interprete nigeriar eta senegaldarrek dantzatua: natura eta bizitzari egindako kantua. Eta, Pippo Delbono dramaturgo eta aktore italiarraren konpainiak «Urlo» aurkeztuko du; hala euren hastapenetako lengoaia berreskuratuko dute, hots, dantza, keinua eta kantua baliatuko dituzte hitzak esanahiaz betetzeko. «`Urlo' garrasia da, jaioberriaren negarra, baita torturaren erregua ere, haserretuaren sumina mundu gizatiarrago baten beharra iragartzeko», laburbildu zuten Feriako arduradunek.
Horrez gain, Antzerki Feriak erabateko hainbat estreinaldi izango ditu, hala nola, Cráneos de Yorick konpainiaren «Las amargas lágrimas de Petra Von Kant», Lluna Nova konpainiaren «Las voces» lana eta Ex Tres taldearem «Restaurant» lana. Vaivén Producciones konpainiak haurrei zuzendutako «Las inalámbricas» aurkeztuko du.
Horiekin batera, Antzerki Feriako agertokietatik pasatuko dira, adibidez, Traspasos konpainia «Demasiado humano» lanarekin, Camping Gags konpainia «Cueva de Ladrones» lana- rekin, Tanttaka konpainia «Mujeres en sus camas» lanarekin eta Venezuelako Naku Teatro konpainia «A todo pecho» lanarekin. Balea Musika Ideiak, «Cuentos Ibéricos», «penintsulako bost hizkuntzetan idatziak dauden testu literario batzuetan oinarritua dagoen muntaia», proposatuko du.
Askotariko dantzaldiak
Dantza izango da Antzerki Feria honetako protagonistetako bat eta Lakuako Gobernuaren Dantza Plataformaren eskutik iritsiko da. Halaber, Blanca Arrieta izango da «Rest» lanaren estreinaldiarekin. Ertza konpainia ere Donostiara euren azken ekoizpena estreinatzera etorriko da: «Menos globos Superman». Hiriko hainbat agertokietan egingo dute dantza, Matxalen Bilbao dantzariak bezala.
Ez du hori egingo Organik konpainiak, horiek kalera eramango baitute euren ikuskizuna. Gainera, Donostiara etorriko dira Miarritzeko gazteen ballet konpainia, LMNO konpainia eta Antzerki Feriak berak koproduzitutako Kukai-Logela konpainiaren lana ere.
Haurrentzako ikuskizunei dagokienez, Naku Teatro taldeak «Aguazul» lana azalduko du, eta Agerre Teatroaren «Haur Kabaretak» kabaretaren fantasiazko munduan murgilduko ditu. Kukubiltxoren «Kukubel 2.0» ikuskizunaz ere gozatu ahal izango dute, baita Golden Apple Quartet donostiarren «Galipotx»-ez ere. Gainera, umeentzat arrakasta handia izan du azken horrek.
Umorea ere ez da faltako: Vania Produccionesen «Mandíbula afiladaren» eskutik etorriko da. Teatro Estudiok «Cuatro bromas y un funeral» aurkeztuko du. Horrek zein Mag Lari magoaren ikuskizunak ere Feria pixka bat luzatuko du, uztailaren 15a arte.
Bestalde, iaz bezala, Paseando Con Arte konpainiak Donostia erdiguneko kaleak eszenatoki handi bihurtuko ditu, eta munduko txokorik urrunenetatik etorritako hainbat disziplinatako artistek «zur eta lur» utzi nahi dituzte ikusleak. Las Artes del Cielo taldeak, berriz, Sagueseko gunean aire ikuskizunak egingo ditu.
Jarduera paraleloen esparruan, Carolyn Carlson koreografoak eskolak emango ditu, eta erakusketak, mintegiak, hitzaldiak eta topaketak ere prestatuko dituzte.
Victoria Eugenia Sariaren banaketa bera ere Feriaren barnean egingo da. Aurten, beraz, «esanahia berezia» izango du horrek, berreraikitako antzokian bertan egingo delako.
Ytantos estudiokoak eta Sisustudioko Jotta argazkilaria izan dira Feriaren filosofia islatzen duen irudiari forma eman diotenak, baita bere «epizentro» Victoria Eugenia antzokiari ere. Antzerkiaren eta fantasia alorraren arteko lotura agertu nahi du irudiak.
Donostiako kaleak alaituko dituen fanfarre batekin hitzorduko soinu-banda entzun ahalko dutela azaldu dute, «Paseando Con Arte» delako abenturaren barnean, «kaleko agertokietara hurbiltzeko gidari izango baitugu».