GARA > Idatzia > Kirolak

EUSKAL BIZIKLETA | Antolakuntza

«Oztopoen gainetik, ikuskizun ederra espero dugu»

UCI ProTourretik kanpo geratzeak Euskal Bizikletari hainbat arazo sortu dion arren, Julian Erasok berriro zaleen gozamenerako lasterketa izatea espero du

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Aro berri bati ekin dio Euskal Bizikletak, UCI ProTourra sortu zenetik. Txirrindularitzak egun dituen une latzak areagotutak heltzen zaizkio lasterketa honi, lehen maila horretatik kanpo geratu ondoren.

«Sortu digun arazo handiena taldeen kontratazioan datza -azaldu zuen Julian Erasok-. Eta horren ondorio zuzena, lasterketa hiru egunera murriztu behar izatea izan da». Izan ere, «hauxe izan da lasterketa antolatzea gehien kostatu zaigun urtea. Beti bezala, bost eguneko lasterketa egiteko asmoa geneukan baina kasu horretan bederatzi taldeekin soilik, eta horietatik bi ProTourrekoek ziurtatzen ziguten beren parte-hartzea. Eta gure ustez, antolakuntzak eta, batez ere, Eibarko zaleekk ez zuten horrelakorik merezi».

Oso egoera tristea, Euskal Bizikletaren antolakuntza zuzendariaren ustetan, «bestelako arazorik ez baitaukagu. Antolakuntza arloan, diru arloan, komunikabide arloan, zaleen arloan... Arlo guztietan lasai gaude, kontratazioarena izan ezik. Hori da UCI ProTourrek lortu duena».

Eraso, hala ere, arro dago prestatu duten lasterketarekin eta «oztopo guztien gainetik iaz izandako ikuskizun ederra errepikatzea espero dugu. Ibilbideari dagokionez, oso etapa politak eta biziak izango ditugula uste dut. Eta hiru eguneko lasterketa denez, argi dago irabazi nahi duenak hasiera-hasieratik erne ibili beharko du», esan zuen.

Gauza bera gertatzen da parte-hartzaileei dagokienez, batez ere, «taldeak borroka egitera etorriko diren konpromisoa daukagula» kontuan hartuta. «Izen propioak esan behar baditugu, Samuel Sanchez eta Gomez Marchante faboritotzat har ditzakegu, beren ezaugarriak direla-eta, baina baita beren taldeak irabazteko gogoekin daudelako. Baina badaude beste hainbeste aurrean egongo direnak: Peio Arreitunaindia, lasterketa honetan beti dena ematen duena; Orbeako gizonak, iaz oso ikuskizun polita eskaini zigutenak... Baita ProTourrekoen maila berberean dagoen hainbat profesional talde. Baina horretan, antolakuntzekin gertatu zen bezala, marra egin zuten eta batzuk goian eta beste batzuk behean geratu ginen. Inoiz norbaitek hauxe konpetizioa dela ikusiko duela espero dugu: eta lehiaketa guztietan bezala, merito -kirolan edota antolakuntzan- gehien duenak gora egin eta merito gutxien duenak, berriz, behera. Baina egun, taloitegi kolpez edo kirol arlotik kanpo dauden oinarrituta hartzen dituzte erabaki horiek».

Mementuz, Euskal Bizikletak meritu horiek egiten saiatzen jarraitzen du: «batez ere, zaleen onerako. Guk geure eskura dagoen guztia egiten dugu. Bai eta sariak lortu ere. Iaz lasterketak, Mortiroloko etapak edo hainbat futbol partidak baino audientzia gehiago izan zuen. Eta errepikatzea nahi dugu, hori baita, azken finean, gure asmoa, zale guztiok goi mailako txirrindularitzarekin disfrutatzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo