GARA > Idatzia > Mendia

alpinismo Karakorumgo denboraldia

Himalaiatik Karakorumera ia etenik gabe

Zortzimilakoetan saiatuko diren xede nagusien artean K2ren mendebaldeko aurpegia eta G IIren iparraldeko isurialde ezezaguna aipatu behar dira. Azken honetan euskal espedizio bat jardungo da.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Ohiko trantsizioaren ostean, Himalaiako ateak itxi eta Karakorumgoak di-da batean zabaldu dira. Espedizio batzuek lehenengo urratsak egin dituzten bitartean, beste batzuek hastekotan dira, eta azkenak egun batzuk barru irtengo dira. Ohi den legez, zortzimilakoak, hots, mendilerro horretako mendirik garaienak, dira interes handiena piztu dutenak. Haatik, gailur txikiagoetan, zazpimilakoetan zein seimilakoetan, goi mailako eskalada teknikoak egiten dira, eta denboraldi honetan ere horietako batzuk zortzimilakoetan egingo direnak gaindituko dituzte.

Eta ez dugu gezurrik esan. Zailtasun tekniko handiko paretak zein mendiak igotzen saiatuko dira nazioarteko makina bat mendizale; horietako asko eta asko nazioarteko kolektiboaren lehenengo lerroan daudenak. Eta adibide gutxi batzuk soilik emango ditugu. Valeri Babanov Kunyang Chish mendian (7.825 m) izango da, Steve House K6ra (7.281 m) abiatuko da, Colin Haley eta Jed Brown Ultar Sar mendira (7.388 m), Scott DiCapio eta Kelly Cordes eskalatu gabeko K7 West-era (6.858 m)... Eta guzti-guztiak estilo alpetarrean saiatuko dira.

Zortzimilakoetan ere xede arras interesgarriak aurreratu dituzte. Datozen bi hilabete eta erdiko epean, K2 mendiak (8.611 m) protagonismo berezia hartuko du. Izan ere, hiru taldek asmo handiak dituzte bai mendebaldeko zein iparraldeko isurialdeetan. Poloniako Piotr Morawski eta Eslovakiako Peter Hamor eta Dodo Kopold mendebaldeko pareta erraldoi zein zailean saiatuko dira. Hain zuzen ere, bide berri bat zabaldu nahi dutela iragarri dute. Lortzekotan, mendebaldeko aurpegiko lehenengo bidea izango litzateke. Hiru lagun soilik erronka bikain baterako: «Geure asmoa igoera azkar bat egitea da, pareta hori oso arriskutsua delako. Soilik hirurok jardungo gara eta ahal dugun soka finko gutxiena erabiliko dugu. Eta, jakina, oxigeno artifizialik ez».

Helburu bera, baina logistika zeharo ezberdinarekin, aurkeztu da Victor Kozlov errusiarrak zuzentzen duen espedizio «erraldoia». Eta erraldoia esan dugu, 20 mendizale baino gehiagok osatua dagoelako. Beraz, errusiarrek, beste behin, espedizio tradizional baten alde egin dute. Mendizale hauek taldeka banatuko dira, eta ia pareta osoa sokekin ekipatuko dute. Batek baino gehiagok galde dezake: «estrategia hori egun erabiltzea zilegi al da?».

Eta iparraldeko isurialdean, berriz, Denis Urubko eta Serguey Samoilov kazakhstandarrek bide berri bat eta estilo alpetarrean zabaltzeko asmoa dute. Arazo batzuk tarteko, espedizio hau kili-kolo dago.

G IIn euskal herritarrak

K2tik Gasherbrum IIra egingo dugu salto. Zortzimilako horretara abiatu ziren joan den asteazkenean lau euskal mendizale: Jose Carlos Tamayo, Mikel Zabalza, Josu Bereziartua eta Juan Vallejo. Euskal Herriko mendizale gogorrenetakoak ditugu eta, beraz, aurrean jarri duten erronka ere oso gogorra da. Mendiaren alderdi ezezagun batera joango dira, Txinan kokatuta dagoen iparraldeko isurialdera. Tamayok hainbat urte zeraman helburu hori lantzen eta, azkenean, beste hiru kiderekin batera, aurrera eramateko ausardia izan du.

Mendizale on askoren helburu da aurpegi hori; izan ere, inork ez du G IIren gailurra iparraldeko isurialde horretatik lortu. Iaz saio polita egin zuen nazioarteko espedizio batek, baina azkenean Ekialdeko Gasherbrum mendiaren (7.758 m) tontorrarekin konformatu behar izan zuen. Bide berria zabaldu zuten: Magic Way.

Laukote euskal herritarra, gehienak bezala, ukitu gabeko isurialde horretara ia informaziorik gabe joan da: «Iazko espedizioko hainbat lagunek argazki batzuk bidali dizkigute, baina, hortik aurrera, xehetasun gehiagorik ez dugu. Hori dela eta, oraindik ez dugu gehiegi zehaztu bide berri bat zabaltzen saiatuko garen. Berez, hori da gure asmoa, baina, ezinezkoa ikusten badugu, iazko espedizioak zabaldutako bidea jarraitu eta G IIren gailurrera igotzen saiatuko gara. Hori bai, pareta hori oso zaila eta arriskutsua dela ikusten da».

Pakistango kanpaleku nagusian ez bezala, espediziokideak bakarrik izango dira. Beno, zehatz dezagun, laukotea hirukote italiar batekin izango da; beraz, guztira zazpi lagun. «Hasieran bakarrik egongo ginela esan ziguten, baina beste hiru italiar izango dira gurekin. Logikoena indar guztiak batzea izango da, eta dena ongi badoa elkarrekin egingo dugu lan», adierazi du Vallejok.

Bestalde, Broad Peak lehenengo aldiz igo zela 50 urte beteko dira. Urteurren hori dela eta, makina bat espedizio izango dira zortzimilako horretan. Horien artean euskal talde handi bat; batzuk hasiberriak eta beste batzuk eskarmentu handiagokoak. Han izango dira Andoni Urbistondo, Iñaki Aldama, Iban Ziriza, Jabi Etxebarria, Julen Zelaieta, Juanra Madariaga, Koke Lasa, Pedro Garcia, Edurne Pasaban eta Asier Izagirre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo