GARA > Idatzia > Kultura

Karrikak musikaz betetzen dituen besta berriro gure artean

Udak merezi duen ongi etorria emateko, jadanik tradizio bilakatu den Musikaren Besta izanen da ekainaren 21ean. Tradizioa berritasunei lotua, zerbait berezi eta berritzailea eskaini nahi izanen dutelako aurten ere Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herriek.

Idoia ERASO | BAIONA

«Musika gizadiaren hizkuntza unibertsala da», esan zuen Sokrates filosofoak. Ideia horri jarraiki gure herrietako gizarte guztia elkartu eta gozaraziko duen besta izan nahi du heldu den asteko ostegunean ospatuko den honek. Musikaren Bestaren arrats eta gauean karriketan musikaz gozatzeko parada izanen da.

Ipar Euskal Herriko hiriburu gisa Baionak ekitaldi handiak antolatu ditu aurtengotz ere. Urtero legez hainbat musika mota eskainiko dira hiriaren txokoetan, auzoetan eta erdialdean. «Gustu guztientzako ekitaldiak izanen dira eta bakoitzak bere programa egin ahal izanen du», adierazi zuen Jean Grenet Baionako auzapezak Musikaren Egunaren aurkezpenean. Jaia ostegunean izanen dela ikusirik, eta heldu den egunean jende gehienak lan egin beharko duela kontuan izanik, aurten lehenago hastea erabaki dute antolatzaileek, arratsaldeko sei eta erdietan hain zuzen ere.

Hendaiak ere programazio zabala eskainiko du musika protagonista izanen den egun honetan. Kostaldeko hirian hondartzan, portuan eta erdialdean hainbat musika estilo aurkeztuko dira. Aurten gainera bi toki berritan eskainiko da musika: Beltzenia frontoiaren ondoan eta Floridan. Kokalekuen gehitzea musika taldeen kopuruaren handitzeari erantzuteko egin da. Izan ere Hendaian musika taldeek ez dute jotzeagatik dirurik jasotzen eta bere burua proposatzen duen orok badu bere musika jotzeko edo bere kantuak abesteko parada. Gauzak horrela, hurrengo urteetan eskaintzek gora eginen dutela espero dute azpiegiturak ordaintzen dituzten Herriko Etxeko eta Lanetik Egina elkarteko antolatzaileek.

Mauleko Motte plazan arratsaldeko zazpietan hiriko haurren egin ikusgarriarekin hasiko da gaualdi musikala. Ondoren hiriburuko beste lau plazetara ere zabalduko da Musikaren Besta: Azeriaren enparantza, Elizarenarena, Terrazarena eta Oregonaren aitzinera. Spirale, Freezer, Lekin edo Raoul Duken rockarekin batera Alauda abesbatzak kantatu doinu goxoagoak izanen dira. Maule bertako Flagas'k taldeak ska erritmoarekin jantziko du jaioterria, auzokide dituzten beste talde eta bakarlariak ere bertan izango dira laguntzeko.

Biarritzeko Mediatekako Auditoriumean Pablo Mezzelani argentinarrak Ambato taldearen laguntzaz Latinoamerikako doinuak hurbilduko ditu Lapurdiko kostaldera, arratsaldeko bostetatik goiti. Bidarteko erdigunean ere zer ikusi eta zer entzun izanen da gaueko bederatzietan hasiko den kontzertuan.

Donibane Lohizunen ez da egun horren kari antolatuko ekitaldirik izanen, baina hiriko bestak egun horretan hasiko direla jakinik musika eta jai giroa ziurtatuak izanen dira han ere. Herriz herri eta auzoz auzo prestatuak izan diren beste ekitaldi askorekin ere gozatu ahal izanen da udari ongi etorria emateko gau horretan.

Programa nagusiak

Baionako hogeita bost txokotan eskainiko dira musika emanaldiak ekainaren 21aren arratsean. Horretaz gain karriketan ibiliko diren banda eta txarangak ere nonahi izanen dira.

Berritasun legez, aurten hip-hopak ere bere tokia izanen du Baionan. Bukatu berri den Maimorables jaialdian antolatu zen estilo honetako txapelketan irabazle suertatu zen taldeak bere ikuskizuna eskainiko du Paul Bert plazan. Geroz eta espazio gehiago irabazten ari den estiloa da hip-hopa eta ondorioz Hendaiako Musikaren Bestan ere presente izanen da Beltzenian.

Gaualdiaz gozatzeko mugitu ezin direnak ere izan dituzte kontuan Hendaian, horregatik Marin ospitalean, Aizpean zaharren egoitzan eta Villa Concha susperketa etxean ere izanen dira ikuskizunak .

DENENTZAT

«Gustu guztientzako ekitaldiak izanen dira eta bakoitzak bere programa egin dezake», adierazi zuen Baionako auzapezak. Baieztapen horrek Lapurdiko hiribururako eta beste hainbat herrirako ere balio du.

Fitxa

Tokia: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herrietako plazak eta karrikak.

Data: Ekainaren 21a, osteguna.

Antolatzaileak: Herriko Etxeak eta kultur elkarteak.

Sarreren prezioa: Dohainik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo