GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Mario zurekin gaituzu!

Ekaina heldu zaigu eta berekin klaseen amaiera. Azken bi ikasturte hauetan inguruko jendeak, ikasleak zein irakasleak, langile edo herriko lagunek zenbat aldiz galdetu digute, nola dabil Mario? Eta guk, ba tira, gutxitan ikusten dugu, baina badirudi ongi dabilela, morala galdu gabe.

Horrela ia bi ikasturte Madrilera joan eta etorri astero, astelenetik asteazkenera, Auzitegi Gorenaren epaile ernegatuek aldez aurretik jarritako kondena betetzen. Euskal Herriko jendea bai politikagintzan bai epaitegi kontuetaz askotan mintzatzen gara baina azken bi urte hauetan eta 18/98 makrosumarioarekin konturatu gara noraino hel daitekeen zuzenbidearen erabilera maltzurra eta antijuridikoa.

Gutariko batzuk berton, Auzitegi Nazionalean egon gara testigu edo peritu moduan deklaratzen edo zure lagun moduan soilik elkartasunean eta zer esango dizugu, zaila bada guretzat egun batean bizitako esperpento hura, zer izango da hori zuentzat, hainbeste hilabetetan izandako amesgaizto hori!!

Azken bi hilabete hauetan epaiketa-zigor hori bukatu denetik gehiago ikusi zaitugu fakultatean, eta zure ikasleen partetik jakin dugu galdutako ordu klase pila errekuperatzen saiatu zarela. Gure Parte Hartuz ikastaroan ere horrela izan dela diote, hainbeste eskola ordu Aste Santutik hona ahotsa ere izorratu zaizula nabaritu dugu. Gaitz erdi gure artean baldin bazaude ezta?

Aspalditik unibertsitatean ez dugu giro baketsurik eta are gutxiago gure fakultatean. Sarreran pankartarekin 15 urte daramatzatenaren auzia konpontzeko ahalegin berriak ere zapuztu egin nahi dituzten bitartean ez dirudi irakasle batzuen bizkarzainen presentzia laster desagertuko denik. Unibertsitarioak bakea eta distentsioaren tresnak eraiki beharrean zubiak lehertzen gabiltzala ematen du, baina kritika hori ezin zaizu zuri leporatu, inolaz ere. Duela bost urte Parte Hartuz sortu zenetik eta lehenagotik ere, eremu politiko zein sindikalean zure ekarpenak ez baitira sektarioak izan, lan eraikigarrietan egon zara murgildurik eta hori da zugandik hartu dugun irakasbidea. Zugandik ikasi dugu desobedientzia zibila eta parte hartze politikoa gehienetan txanpon beraren bi aldeak direla. Thoreau, Tolstoi, Gandhi edo Bovek predikatu dutena eta sufragista anglosajoniarrek edo Ipar Amerikako beltzek praktikatutako bideak, gure Euskal Herri txiki eta anitz honetako herriko dinamiketan erabiltzen diren borroka metodo printzipalak direla. Eta desobedientzia zibilaren bidetik ibiltzearren hain zuzen kondenatu nahi zaituzte.

Guk oso ongi dakigu nola eta zertarako jaio zen Josemi Zumalabe Fundazioa. Eta nola hasieratik ekimen horretan zure esfortzu aktibistarekin ekin zeniola Euskal Herriko mugimenduak trinkotze eta bizkortzeari. Eta kanpaina horietan zure lana eta konpromisoa ematearren 10 urteko kartzela zigorra eskatzen dizute, hau demokrazia!! Barrezka lehertzekoa litzateke ez bazen hain tragiko eta mingotsa. Herri elkarte eta taldeak sendotzeko jardunaldiak eta tailerrak, eztabaidak eta ikastaroak prestatzeagatik kartzela merezi duzula diote. Noiz eramango gaituzte gu guztiok unibertsitatetik horixe bera egin eta defenditzeagatik?

Gure ikerketa taldearen printzipio bakarretariko bat hauxe da, boterea ez dutenei lehentasuna eta indarra eman eta botere banaketa duina bilatu instituzio politiko, interes ekonomiko eta gizarte zibilaren eragileen artean. Eta harro gaude zurekin egindako bidaia honetaz. Horregatik gurekin nahi zaitugu eta ez dugu etsiko zure gainean eta zurekin auzipeturik egon diren beste 60 euskal herritar horien gainean dagoen Auzitegi Nazionaleko Damoklesen ezpata zigortzailea ezabatua ikusi arte.

Ez eduki dudarik, zurekin gaituzu. Musu bana Nerea, Markel eta Izar txikitxoari!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo