ibon urizar Arabako Euskaraz Bizi
Arabatik, bihotzetik
Araba, zazpigarren alaba. Arabak zazpi koadrila. Zortzigarrena erdian, bihotzean, Trebiñu. Trebiñu, administratiboki Burgos, bihotzean Araba.
Trebiñuko Argantzun herrian ikastola sortu zuten duela bost bat urte luze. Lan handia egiten ari dira bertako irakasle eta gurasoek euskal eta euskarazko irakaskuntzaren alde. Trebiñu Arabarekin josi nahi dute dagoen haririk gogorrenaren bitartez, euskararen bitartez.
Baina administrazio egoera bereziak arazo ekonomiko larriak sortzen ditu, Burgos ez baita EAE eta Burgosen euskararen aldeko proiektuak ez baitituzte laguntzen. Ondorioz, etorkizuna ez da oso argia.
Ikastolak aurrera egin dezan, datorren igandean, Araba Euskaraz antolatu dute Argantzunen «Garenaren jostun» lelopean. Hurbil zaitezte Euskal Herri guztietako euskaltzaleok Argantzunera, egitarau zabala eskaintzen dute egun horretarako-eta. Ikastola orratza eta euskara haria direla, izan gaitezen denok jostun. Josi dezagun Trebiñu Arabarekin eta Euskal Herriarekin euskararen hariaren bitartez.
Argantzun ikastolak bizi behar du. Arabatik, bihotzetik.