xiba Nafarroako jaialdia
Irañeta atera da nagusi larunbatean Nafarroako jaialdi estuan
Giro aparta izan zen, nahiz eta jende asko ez bildu. ESAITen egunean ere, xiba saioa izan zen Leitzan.
GARA | ATARRABIA
Iragan larunbat goizean, Atarrabia herria Nafarroako herrien arteko euskal joko eta jolasen xiba jaialdiaren lekuko izan zen. Bertan giro bikaina eta lehia oso estua izan ziren eta, azkenean, alde txikiarekin Irañeta atera zen nagusi. Hala, ekainaren 30ean, Zuberoako Mendikotan izango den finalarako Irañeta eta Goizueta sailkatu dira.
Ikastolen Konfederazioak, Xiba lantaldearen eskutik, IV. edizio honen Euskal Herriko azken kanporaketa antolatu zuen.
Euria egiteko mehatxupean, udaletxe plazan jaialdiari hasiera eman zitzaion.
Iruñerrian, hainbat jai giroko festa ospatu ziren egun berean, eta horren erruz ziurrenik, uste baino ikusle eta lekuko gutxiago hurbildu zen. Hala ere, Atarrabiako Mikelats Dantza Taldeak XIBAren jai egitarauarekin bat egin zuen, bi egitasmoen arteko elkarlanaren ondorioz, egundoko herri giroko jaia lortu zen, batez ere, ostean udaletxe plazan izandako herri bazkarian.
Goizeko 11.00etan hasi zen jaialdia, Goizueta, Irañeta, Iruñea eta Uharte Arakil herrien parte hartzearen aurreko aurkezpenarekin. Jaialdia izan baino pixka bat lehenagora arte, hasiera batean, Lesaka eta Atarrabiako herriek ezin izan zuten behar beste partaide lortu eta ezin izan zuten talderik osatu.
Berdintasuna eta alde txikiak izan ziren nagusi Atarrabian. Orotara Irañetak 934 puntu pilatu zituen; Goizuetak 932 eta Iruñeak eta Uharte Arakilek 922na punturekin berdinketa erdietsi zuten.
Leitzako saioa
Bestalde, Xiba egitasmoak igande honetan bestelako hitzordua ere izan du, Leitzan, hain zuzen. Izan ere, Leitzan izan zen ESAITen egunean, herrien arteko euskal jokoen lehia xumeagoa antolatu zuten. ESAITen egunarekin bat, bertoko Leitzako taldearen, Idiazabalen eta Oiartzunen arteko lehia antolatu zuten.
Neurri murritzagoan burutu ziren ohiko proban. Hala, txingak, lokotxak, trontza, toka eta sokatira jolasetan trebatu ziren hiru taldeak. Emaitza, honako honetan ere oso estua izan zen, eta Idiazabal herria izan zen nagusi, 417 punturekin. Leitzarrak izan ziren ondoren 415ekin eta gero Oiartzun geratu zen 413 punturekin.
Hasiera batean jende larregirik hurbildu ez bazen ere herriko plazara, ikusle kopurua pitinka-pitinka hurreratu eta giroa berotu egin zen. Bestalde, hasierako aurreskuaz gain, Mikelats Dantza taldeak egunean bertan egindako kalejira plazara hurbildu zen, eta giro polita lortu zuten egunaren azken aldera.
2004an parte hartu arren, hurrengo bi edizioetan taldea ezin osatu ibili da Goizueta. Hala, aurtengoan «denboraz aritu» dira jendea animarazten, eta talde indartsua osatzea lortu zuten larunbatean. Aipagarria da, bestalde, Goizuetako taldeko bi partaide ez zirela berez goizuetarrak.