GARA > Idatzia > Pilota

«Buruz Burukoan laugarren finala izango da niretzat eta horrek asko esan nahi du»

Aimar OLAIZOLA

Finalista

Negu garaian arazo fisiko dezenterekin ibili ostean, Olaizola anaietan gazteena sasoi betean iritsi da udaberrira eta horri esker Buruz Buruko Txapelketan bere laugarren finala jokatuko du datorren igandean, lehen mailan jokatzen duen bederatzigarrena.

Asier AIESTARAN |

Patxi Ruiz eta Gonzalezekin izandako saltsak zeharo ahaztuta, Aimar Olaizola finala prestatzen dabil buru-belarri. Tartetxo bat egin digu eta bere iritziak bildu ditugu finalera begira.

Finalaren astean bete-betean sartu gara jadanik. Zer moduz iritsi zara azken txanpa honetara?

Ustez behintzat ongi. Motibazio handiarekin nabil eta finala jokatzeko gogoarekin. Final hau izaten da pilotarientzat urteko egunik garrantzitsuena, baita zaletuentzat ere, eta argi dago niretzat final hori jokatzeko aukera izatea oso garrantzitsua dela. Ongi aurkitzen naiz, gustura, ez daukat inolako arazorik ez eskuetan, ez fisikoki.

Astelehenean izan zinen Donostian azkenengo entrenamendu saioa egiten. Uste dut saio nahiko arina izan zela.

Hala da bai. Normalean finalaren aurretik beti horrelako entrenamenduak egiten dira, frontoiarekin kontaktua ez galtzeko. Kontuan izan behar da Donostiako pilotalekuan normalean oso gutxitan jokatzen dugula eta entrenamendu pare bat egitea beharrezkoa da. Gainontzean, garrantzitsuena eskuak ongi zaintzea da. Erremate batzuk egin... gehienbat pilotek frontoian nola erantzuten duten ikusteko.

Aspaldi ez dugu Donostiako Atano III.a pilotalekuan partidarik ikusi. Zer moduz dago frontoia?

Ongi. Frontoia polita dago, pintatu berria. Donostiako frontoiak ez du sekula aitzakiarik izan eta igande honetan ere ez dut uste alde horretatik inolako arazorik egongo denik. Nabaritzen zaio lurra pixka bat gastatuta daukala, baina frontoia ona da eta ez du arazorik emango.

Aurrean Abel Barriola izango duzu, ongi ezagutzen duzun pilotaria. Zer esan dezakezu aurkariari buruz?

Argi dago niretzat partida oso zaila izango dela. Abel izugarrizko mailan dabil azkenaldian, Txapelketa behe-behetik hasi behar izan zuen eta faborito asko utzi ditu kalean. Beraz, oso zaila izango da Abeli irabaztea. Baina nik, gutxienez, ilusio handia daukat. Badakit irabazi nahi badiot nire jokorik onena egin beharko dudala, berak oso pilota gutxi oparitzen dituelako.

Azken urteetan final handietan ia beti sartu izan zara. Azken bietan, ordea, Lau eta Erdikoan eta Binakakoan kanpoan geratu zinen. Zuretzat poz handia izango da berriz finalean egotea.

Bai, bai. Batez ere urteko lehiaketarik garrantzitsuena delako. Buruz Buruko Txapelketan laugarren finala izango da niretzat eta horrek asko esan nahi du. Azken batean finalean egoteak egindako lana ona izan dela erakusten du, baina noski, behin horra iritsita, ilusioa txapela irabaztea izaten da.

Sarrerak segituan amaitu zirela kontuan hartuta, goizuetarrak hurbilduko al dira Donostiara?

Nahi baino gutxiago, jende asko gelditu baita sarrerarik gabe. Beti gauza bera gertatzen da, denek esaten dute sarrerak oso garestiak direla, baina halere denak saltzen dira. Nire kasuan ere, antzeko zerbait. Sarrera asko eman dizkidate, baina denentzat lekurik ez. Giro oso polita dago herrian, herriko pilotari bat finalean izanda are gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo