GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ingurumen ministroa, Baiona-Garazi trena eta A63 autobidea dela-eta deitua

A63 autobidearen ondoan bizi diren biztanleen elkarteak, Lurra Zainek, eta Akitaniako eskualdeko presidente Alain Roussetek, Baiona-Garazi trenbidearen karietara, Estatu frantseseko Ingurumen ministro den Alain Juppérengana jo dute laguntza eske.

Idoia ERASO |

Biriatu eta Baiona artean dagoen A63 autobidearen zabalkuntza dela-eta, proiektuak ingurumenarengan izanen luken eragina aztertu duen ikerketa aurkeztu du inguru horretako auzokideak biltzen dituen Lurra Zain elkarteak. ASF enpresak, autobidearen jabeak, ezagutzera eman zuen ikerketaren ondorioekin konparatuta guztiz desberdinak dira Lurra Zainek eskatu ikerketaren emaitzak.

Joan den maiatzaren 14ean komisario ikerlariek zabalkuntza egitasmoaren erabilgarritasun publikoaren bermea eskaini zuten. Geroztik sei hilabete ditu prefetak egitasmoaren baliogarritasun publikoa onartzeko eta lanei hasiera emateko. Gauzak horrela, Lurra Zain elkarteak maiatzaren 25ean Ingurumenaren ministro berriari gutuna igorri zion bere ikerketaren ondorioen berri emateko eta hitzordua eskatzeko. Gutunak oraingoz ez du erantzunik jaso.

Autobidearen zabaltzeak ekarriko dituen eragin kaltegarri ezberdinen artean airearen kalitatearena izanen da jende gehienengan eragina izanen duena. Lurra Zaineko presidente Mixel Estebanek hauxe ekarri zuen gogora: «Autopistatik kilometro batera bizi den jendeak ere pairatzen ditu airearen kutsaduraren eraginak».

Airearen gainean egin bi ikerketa ezberdinetako ondorioen artean ezberdintasuna baino gehiago kontrakotasuna dagoela esan daiteke. ASF enpresak eraman ikerketan aditzera ematen da autopistaren zabalkundearekin CO2 gasaren txikitzea izanen dela. Lurra Zainek CDIE elkarteari eskatu ikerketak aldiz bidearen zabalkundeak gas kutsakorren gehitzea ekarriko duela ondorioztatu du.

A63 autobideko auzokideen elkarteak ASF enpresak egin airen ikerketaren baliogarritasuna zalantzan jarri du. Bi arrazoi eman ditu elkarteak bere zalantzak azaltzeko: behaketa garaia n ez dela legedia errespetatu eta erabili den programa informatikoa guztiz atzeratua gelditu dela. Airearen gaineko eragina 2025a arte neurtu du ASFek, baina horretarako 2005a arteko garapenak bakarrik kontuan hartzen dituen programa erabili du. Bestalde behaketa bi garai ezberdinetan eta 51 egunez egin behar dela ezartzen du legediak. ASFren ikeketak behaketa azaroan 15 egunez besterik ez du egin eta horrek «eraginaren azpi-zenbatezpena» suposatzen duela adierazi zuen Estebanek.

Trenbidea hobetu

Joan den ekainaren 9tik Baiona eta Donibane Garazi elkartzen dituen tren linea moztua dago aste betez gutxienez. Mozketa horren arrazoia ekainaren 3an erori zen katenaria da. Erorketaren ondorioz erabiltzaileetako bat arinki zauritu zen. Trenbidea moztua izanen den egunetan katenarien euskarriak begiratuko dira eta ondoren azpiegitura elektriko guztiaren etorkizuna erabakiko da.

Akitaniako eskualdeko ordezkariak aspalditik ari dira gogora ekartzen trenbide honen egoera txarra eta dirua jarri behar dela linea hau eta hurbileko trenak egoera onean atxikitzeko.

Gauzak horrela Akitaniako presidente Alain Roussetek Estatuari eskatu dio, eta bereziki Alain Juppéri, Baiona eta Donibane Garazi elkartzen dituen trenbidea berritzeko. Garapen iraunkorraz eta garraioaz arduratzen den Juppéri egungo azpiegituren atxikitzea bideratuko duen modernizazio plana abian jartzea eskatzen dio Akitaniako eskualdeko presidenteak.

Eskualdeko Kontseiluak hurbileko trenak garatzeko programa abian jarri du. Programak baliabide batzuk ezartzen ditu, baina erantzule nagusiak Estatua eta RFF (Frantziako Trenbide Sarea) dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo