Palestinako egoeraren erantzukizunak
Palestinako egoera berez kezkagarria are kezkagarriago bihurtu eta alarma pizteraino iritsi da, bi indar palestinar nagusien arteko liskarrak direla-eta. Herenegun adostutako su-etenak ere ez du lortu elkarren arteko borroka geldiaratzea. Liskar horiek ez dira kontu berria, Hamasek hauteskundeak irabazi zituenetik ohikoak izan baitira, baina batasun nazionaleko Gobernua osatu zutenean, bazirudien behin eta berriz piztutako ezinikusia baretu egingo zela; izan ere, Israel, palestinarren etsai nagusia, oso boteretsua da hari zatiturik aurre egiteko. Ez da hala gertatu eta azken egun hauetako hildako eta zaurituak krisi horren adirerazgarri latzak dira. Gazako zerrendako errefuxiatuen egoera ere kezkagarria da, erasoak ez ezik, laguntza humanitarioa jasotzeko oztopo handiak ere baitituzte.
Kanpotik ulertzen zaila gertatzen da palestinarren arteko ezinikusi hori. Baina baita han bertan ere; halaxe adierazi du FPLP Palestina Askatzeko Herri Fronteak eta bi indar nagusiei dagokien erantzukizuna nabarmendu du. Egoera lazgarriaren eta oro har Palestinako egoeraren erantzukizuna, ordea, Palestinatik kanpo ere badago, egon. Ameriketako Estatu Batuek Israeli ematen dion baldintzarik gabeko sostenguak eta Europar Batasunak, harekin bat, Palestinako Gobernuari egiten dion boikotak ere zerikusi handia baitute liskar horietan. Al Fatak Hamasi egozten dio boikot horren errua; Hamasek Al Fatari, berriz ustelkeria.
Nazioarteko boikotak palestinarren egoera larriagotu egiten du, zalantzarik gabe, eta boikot hori bukatzea behar demokratiko eta humanitarioa da; baina palestinar indar nagusien jarrerak ez dirudi boikotari eta gainerako mehatxuei aurre egiteko egokiena. Israelek, batasun Gobernuaren kezka zuenak, pozik ikusten bide ditu palestinarrak krisi sakon horretan murgilduta. Erantzukizun asko daude, eta premia bizikoa da alde askotatik egin beharreko hausnarketa. Baina lehenik indar palestinarrei dagokie euren arteko liskarrak bukatzea, batez ere palestinar guztiak kaltetzen dituztelako.