«Egunkaria auzian» aho bidezko epaiketaren hasiera berretsi dute
Azkenean, eta Fiskaltzaren iritziaren kontra, «Egunkaria auzia» izenaz ezagututakoaren aho bidezko epaiketaren hasiera baieztatu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak. Erabaki honek akusazio popularra osatzen duten AVT eta Dignidad y Justiciaren eskariei men egiten dio. Beraz, kasu honetan auziperatutako zazpi pertsonek epaile aurrean agertu beharko dute.
GARA |
Auzitegi Nazional esapinolak «Egunkaria auziaren» aho bidezko epaiketaren hasiera berretsi zuen atzo plazaratutako epaian. Horiek hala, tribunal bereziak ez zuen onartu zazpi auziperatuen defentsak aurkeztutako erregu helegitea. Idazki honek epaiketa ez hastea eskatzen zuen, hain zuzen, Fiskaltzak halako errekerimendurik egin ez zuelako.
Azkenik, Auzitegi Nazionalaren Lehenengo Sekzioko Penaleko egoitzak kaleratutako epaiak helegitea atzera botatzea erabaki zuen. Neurri honen funtsa nagusia hau da: «Fiskaltzak aho bidezko epaiketa ez hastea eskatu arren, herri akusazio bezala aurkeztutako parteak epaiketa hastea eskatu du».
Tribunal bereziaren ustez, «mota honetako agindu batek, ez du epaiketarekin jarraitzea ez den beste irtenbiderik uzten». Gainera, epai judizial honen aburuz, «erregu errekurtsoak edukiera falta du».
Iragan den maiatzaren 7an Auzitegi Nazional espainolak aho bidezko epaiketaren hasiera agindu zuen. Erabaki honek Fiskaltzak eskatutakoarekin talka egin zuen. Izan ere, honek ez baitzuen Del Olmo epailearen aginduz 2003ko otsailean itxitako kazeta eta ETAren arteko zantzu nahikorik aurkitu eta «delitu frogarik ez zegoelako» auzia artxibatzea eskatu zuen. Hala ere, epaileak Dignidad y Justicia zein AVT elkarteek osatzen duten herri akusazioaren eskariei men egin zion . Atzo, egoera berriz ere errepikatu zen. Defentsako abokatuak diren Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosuaren ustez, atzo baieztatutako neurriak «zigor prozedura arautzen duen oinarri-oinarrizko printzipioen erabateko haustura dakar». Gainera, Elosua eta Iruinentzat herri akusazioen eskaerei baietz esateak «erabakia handitzeaz» gain, «instrumentalizazio politikorako bideak zabaldu ditu».
Hala, epaitegi bereziak kasu honetan auziperatutako zazpi pertsonek (Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Xabier Alegria, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Pello Zubiria) epaiketan parte hartu behar izatea erabaki zuen.
Dena den, Espainiako Auzitegi Nazionalak oraindik ez du baieztatu epaiketaren egunak noiz izango diren.
Defentsa abokatuen iritziz, Fiskaltzaren jarreraren aurka, epaiketa hasteak, instituzio honen «rolaren gutxiespena» islatzen du.