GARA > Idatzia > Ekonomia

Hezkuntza Bereziko eta Zerbitzuetako hitzarmenak eskatzen dizkiote Lakuari

Eskola Publikoko Hezkuntza Bereziko eta Zerbitzuetako langileek hitzarmenak negoziatzen «berehala» hasteko eskatu diote Lakuako Hezkuntza Sailari LABen, ELAren, STEE-EILASen eta UGTren bidez, lan baldintzen «egoera tamalgarria» delako eta horrek eragina duelako eskolan.

Nerea GOTI |

Eskola Publikoko Heziketa Bereziko eta Zerbitzuetako langile laboralek elkarretaratzea egingo dute etzi Donostian, 11.00etan, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean. Mobilizaziora LAB, ELA, STEE-EILAS eta UGT sindikatuek deitu dute, atzo nabarmendu zutenez, «egoera tamalgarria» delako, eta hitzarmen kolektiboen negoziazioa «berehala» martxan jartzea beharrezkoa delako.

Lau sindikatuetako ordezkariek azaldu zuten Lakuako Hezkuntza Sailak orain arte erakutsitako jokabidea «guztiz diskriminatzailea» dela bi kolektibo horiekiko, irakasleen ordezkari sindikalekin bildu den bitartean, hezkuntza bereziko eta zerbitzuetako langileekin, hau da, jantokietako, garbiketako eta autobusetako langileekin, oraindik bildu ere ez delako.

Nabarmendu zutenez, duela urte bete luze helarazi zizkioten Hezkuntza Sailari, kolektibo bietako langileen aldarrikapenak, eta ordutik ez dute erantzunik jaso. «Denbora honetan izan ditugun batzar bakarrak abendu aldera izan ziren, eta gai teknikoak jorratzeko, zehazki, enplegu eskaintza publikoari begira, baina ez hitzarmen kolektiboak eztabaidatzeko», azaldu zuen Idoia Ormazabal LABeko ordezkariak.

Lau sindikatuek adostu duten gutxieneko eskaeraren edukia, soldaten igoera, lanaldien murrizketa, heziketa funtsa edota lan kategorien homologazioa aipatu zituzten.

Urte bat baino gehiago igaro da, eta gauzak konpondu beharrean okertu egin dira, gero eta beharrizan gehiago dagoelako, hutsuneak zenbakiekin betetzen saiatzen direlako, eta horrek eragin zuzena du hezkuntza publikoaren kalitatean», azaldu zuen Ormazabalek.

Kolektiboen baldintzak deskribatzeko, sindikatuek nabarmendu zuten «bitartekorik ipintzen ez delako» gero eta arazo muskuloeskeletiko gehiago daudela, azken urteetako soldaten igoerak BPGaren azpikoak izan direla, eta lanaldiak astean 35 ordutik gorakoak direla. Hezkuntza berezian, zenbait kasutan astean 40 ordu egitera heltzen direla eta jantoki batzuetan langileak egunean 9 lanordu egitera behartuta daudela azaldu zuten. «Gauza ez da zenbat langile edo diru gehiago behar den, baizik eta dauden beharrak aztertu eta horiek konpontzeko, neurriak hartzea da kontua. Batzuetan langile gehiago kontratatu beharko da, baina beste batzuetan tresnak behar dira».

Beharrak aztertu

«Ez da dirua kalkulatu behar, baizik eta beharrak. Batzuetan langileak izango dira, ordenagailuak, beste batzuetan, sukalde bat berritu edota sarbideak egokitu... Arazo bereziez hitz egiten ari gara, batez ere, hezkuntza berezian».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo