GARA > Idatzia > Gaurkoa

Joseba Butron Irakaslea

Agerikoak

E pur si muove» («Baina mugitu egiten da!») atera zitzaion Galileori, ahapeka, XVII. mendean, epaiketaren amaieran, agerikoa zena adierazteko. Berak bazekien gure unibertsoa zelakoa zen, erdigunea zein zen, Lurra mugitu egiten zela. Berak zekiena, ordea, ez zetorren bat orduko botereak, Elizak, egiatzat zeukanarekin; are gehiago: dogmaren kontra zihoan. Arriskutsua izanik ere, Galileo ausartu egin zen agerikoa zena esatera, alegia ordura arteko ideia hura aldatu beharra zegoela, ezin zitekeela uste faltsu harekin jarraitu, argi baitzegoen errakuntza zela. Alferrik. Bestela sutara botako zutela-eta boteredun haiek entzun nahi zuten deklarazioa egin behar izan zuen, dena ukatzeko, baina ezin izan zuen isildu esaldi hura. Beste era batera esanda: «Nahi duzuena agindu, baina errealitatea ezin da aldatu: mugitu egiten da!»

Euskaraz baditugu esamolde batzuk zerbait halaxe dela adierazteko: agerikoa da, begi-bistakoa, ezagun da, nabaria da... esan ohi dugu. Ziurtasunak, ostera, ez du askorik balio hango inperialen dogma «inquebrantable»en aurrean. Eta, gainera, Galileok bezala euskaldunok -kontzientziadunak izanez gero, seguruago- beti daukagu sutara botako gaituzten mehatxua. Modu askotara gogoratzen digute hori, baina oraindik hitz egitea erabat debekatu ez digutenez -daramagun abiadan, laster gerta liteke hori ere-, aukera baliatuko dugu, arriskuak arrisku. Partziala izan daitekeela? Bai, noski. Baina ez haiena baino partzialagoa.

Hasteko, esan dezagun agerikoa dela Murphyren legeak bete egiten direla eta, hortaz, txarto dagoena txarrago jar daitekeela. Orain urte batzuk partidu politiko bat eta ehunka mila hautesle apartheid egoeran jarri gintuzten; ba, oraingoan zerrenda gehiagorekin ausartu dira, sistema ipurdia airean jarri behar izan badute ere. Indezentziara iritsi dira. Eta harago jo dute, «trantsizioa» ere makillaje gabe utzi eta erridikuluraino: basakeria antidemokratikoak ez ezik umekeriak ere ikusten ari gara, mendeku eran. Tristea ez balitz barre galantak egingo genituzke.

Agerikoa da, nabarmen gainera, gure herrian ehunka mila pertsonak hangoen «autoritatea» eta hemengo laguntzaileen «arrazoi interesatuak» aintzat ez hartzea erabaki dutela. Pentsatzen eta sentitzen dutenarekin kontsekuente jokatu eta haien legeei muzin egitea erabaki dutela, Gandhik egin zuen bezala. Duintasunezko jarrera eta jokabide horrek biziki sumindu ditu feriako demokratak, horrek amorrarazi ditu, kondenen kontuak baino gehiago. Ilegalizazioen lehenengo txandan espero zutena zen ezker abertzaleko jendeak etsi egingo zuela, baina ez zen gertatu. Ondoren, pentsatu zuten eze urte batzuetako kalbarioarekin indargabetu egingo ginela; baina, bai zera: intsumiso gehiago gara, konprometituak, kontsekuenteak, diziplinatuak. Orain, jada ez dakite zer egin. Agerikoa da jokabide horrek min gehiago egin diela indarkeriazko ekintzek baino. Ez dute koartadarik, biluzik daude. Bista-bistan geratu dira haien faltsukeria eta demokrazia eza. Hangoak erridikulu ageri dira, faxista; hemengoak kartoi-harrizko demokrata gisa, txotxongilo.

Agerikoa da, esan beharrik ez dago, gure Herrian jende gehiena -inmensa mayoria, alegia- indarkeriazko ekintzen kontra dagoela. Jende normala bizi gara Euskal Herrian, bakezaleak. Ez dago zalantzarik. Horregatik, inkestak egiten direnean harrituta bezala esaten dute ezker abertzaleko gehien-gehienak ere kontra agertzen direla. Ez dago zertan harritu, ordea. Horrela da. Modu berean, eta konparazio baterako, ziur langile gehienak ere huelgen kontrakoak direla. Inork ez du huelga egin nahi, salbu eta beste biderik geratzen ez bada. Indarkeria politikoa eta langileen huelgak oso gauza desberdina dira, egia, baina funtsean biak ere inposaketa bati erantzuteko moduak dira. Eta bi-biak elkarrizketa eta negoziazioaren bidez konpondu beharrekoak. A, baina nola da hori? Huelga bada ez da elkarrizketarik egongo; huelga mehatxurik ez dugu onartuko. Lelo ezaguna.

Hemen, gaur, ezagun da eta agerikoa arazo politiko bat dagoela. Nazio txiki bat dagoela Pirinioen bi aldeetan eta bi nazio handik haren identitatea zapaltzen dutela, ez dutela errespetatu nahi. Nazioa esatean, pertsonak esan nahi da. Garbi esanda, gu azpiratuta edukitzen jarraitu nahi dutela, azken mendeetan egin duten bezala. Eta horretarako indarkeria erabiltzen segituko dutela (egiturazkoa, kulturala...); sufrimendua nolanahi ere. Gero eta hobeto ezagutzen ditugunez, badakigu zein prozedurari eutsi nahi dioten: baga, hemen indarkeria arazo bat dago; biga, indarkeria desagertu behar da; higa, hemen ez dago arazo politikorik; eta laga, ez dago zer hitz egin eta gutxiago zer negoziatu, ez baitago inolako arazorik. Kito.

Agerikoa da gure Herria askotarikoa dela, plurala. Hemen euskaldunak eta euskaldun ez direnak, denak elkarrekin bizi gaitezke. Baina Euskal Herrian -ez Espainian ez Frantzian- eta bakoitzaren identitatearen errespetuan, askatasunean. Hemen ez da diktadurarik inposatuko, larrutik ordaindu baitugu zapalkuntza hori. Inor ez da «vasco» izatera behartuko -Europan bizi gara eta estatuak multikulturalak dira-, baina abertzaleok ez dugu onartuko gure identitatea ez errespetatzea, gure Herria ez aitortzea: gu ez gara ez espainiar ez frantses, eta euskaraz bizi nahi dugu. Bada garaia gure auzokide handi-mandiek ageriko eskubide hori errespeta dezaten. Gainera, hain handiak izanik, ez dute gure falta igarriko. Eta zergatik den ageriko eskubidea? Ba, gu geu garelako horren froga garbia; gu existitzen gara, ez gara teoria bat, ez kimera bat. Bagara. Beti izan gara.

Baina nola iritsi konponbidera? Begi-bistakoa da ez dugula lortuko haiek demokratizatzea. Haiengana ageriko arrazoiekin, arrazoizko planteamenduekin, eskubideen aldarrikapenarekin joateak ez du askorik balio. Horma bati hitz egitea bezala da. Tradizio zapaltzaile luzea dute, eta boterea eta indarra soberan. Gogorrean joateak ere ez dirudi askorik balio duenik, hazi egiten baitira. Igual konponbidea etorriko da hangoak eta hemengo batzuk ere erridikulu sentitzera iristen direnean, barregarri uzten ditugulako, oraingo hauteskundeetan egin dugun moduan. Hainbeste urtean saldu duten «demokrazia»k, saldu dizkiguten esloganek eta hitz hutsek jadanik ez dutela balio ikusten dutenean, hemen jende askok jada ez diela sinesten; edo okerrago dena, barre egiten diela. Pailazoak halakoak. Hori akabua da. Erasoei erantzuteko pronto agertzen dira, baina nahiz eta gure kontra indarkeria handia erabili haiek barregarri uzteko kapaz bagara, garaipenetik hurbilago. Jakina, badira beste bide batzuk ere, esaterako elkarrizketa, edo bidelagunen arteko batasuna, edo zubi guztiak ez haustea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo