GARA > Idatzia > Ekonomia

Adegiren jarrera ikusita, Metalgintza «mobilizatu beharra dago» dio LABek

Patronalaren jarrera ikusita eta negoziazioa «blokeatuta» egonik, LABek Gipuzkoako Metalgintzaren negoziazioetan ez duela parte hartuko eta hitzarmena aldarrikatzeko borroka kalera eramango duela azaldu du. Beste sindikatuei mobilizazioetan ondoan egotera deia egin die.

N.G. |

Sei hilabete igaro dira Gipuzkoako Metalgintzako hitzarmen sektorialaren negoziazioak abiatu zirenetik, eta 13 batzar egin ostean, LABen iritziz, «negoziazioa blokeatuta dago, Adegiren jarrera itxiagatik». Horregatik, sindikatu abertzaleak batzarretan parte hartuko ez duela iragarri du, eta gainontzeko sindikatuei, hau da ELAri, CCOOi eta UGTri, mobilizazioei ekitera dei egin die, sektorearen hitzarmen kolektiboa defendatzeko.

Adegik egindako planteamendua «atzerakoia» izateaz gain, Igor Urrutikoetxea LABeko Metalgintzako Nazio idazkariak nabarmendu zuen patronalak ez diola sindikatuek planteatutakoari inolako erantzunik eman.

Sindikatuek aurkeztutako aldarrikapenei buruz, Urrutikoetxeak esan zuen Adegi ez dela mugitu lanaldi murrizketari dagokionez, eta «eskatu genuen bajen osagarritasunari buruz hitz egiteari uko egiten dio». Halaber, garrantzitsutzat jo zuen ebentualtasuna %30 izatera hel dadila sektorean, baina «ez dute neurririk hartu nahi», eta «lizentzien eta dieten arauketak eguneratzeko egindako eskaerari ere ezetza» esan diotela azaldu zuen.

Ezezko erantzuna jaso dute lan osasunean hartu beharreko neurrien inguruan; prebentziorako delegatuentzat eskatutako ordu kopurua kasu.

«Antzerkia da»

«Gure ustez, ez dago benetako negoziaziorik. Antzerkitzat definitzen dugu egun ematen den negoziazioa, eta beraz, mahaian gure presentzia bertan behera uztea erabaki dugu», azaldu zuen LABeko Metalgintzako Nazio idazkariak.

Halere, LABek argi utzi zuen «horrek ez duela esan nahi sektorearen hiztarmenaren aldeko borroka baztertzen dugunik», argitu zuen Urrutikoetxeak, eta horren defentsan, LABek zenbait ekimen iragarri zituen.

«ELA, CCOO eta UGTri planteamendu irekia egin genien, lanuzteak hiru egunetan egiteko: egun batean bi ordukoa, handik aste batera lau ordukoa, eta hurrengoko astean egun osoko lanuztea Gipuzkoako Metalgintzan», gogoratu zuen LABeko ordezkariak, eta jarritako baldintza bakarra mobilizazioak enpresa guztietara eramatea zela zehaztu zuen.

ELAk itun propioa duten enpresak mobilizazio horietatik kanpo uzteko planteamendua kritikatu zuen. «Enpresen hiru laurdenak albo batera uztea suposatzen du, gainera enpresa garrantzitsuenak dira, eta langileak banatzea suposatzen du. Gainera, nahiz eta itun propioak izan, hainbat kontu sektorearen hitzarmenaren arabera arautzen» direla azaldu zuen.

lantegi guztietara

Hurrengo asteetan, mobilizazioak egingo ditu LABek Gipuzkoako industrialde guztietan, sektorearen hitzarmena defendatzeko. «Lantegi guztietara joango gara, ordezkaritza izan ala ez», esan zuen sindikatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo