GARA > Idatzia > Pilota

«Prestakuntza fisikoak sekulako garrantzia izan dezake igandean»

Abel BARRIOLA, FINALISTA

2002ko ekainaren 23an, Buruz Buruko lehen txapela jantzi zuenean, inor gutxik pentsatzen zuen Leitzako atzelariak bost urte beharko zituela berriz ere urteko lehiaketarik garrantzitsuenaren finalean sartzeko. Geroztik Lau eta Erdiko hiru final jokatu ditu, horietatik bi Aimarren kontra, txapelaren zapore gozoa dastatu gabe, ordea. Igandean du mendekua hartzeko aukera.

Aspalditik dabil Abel Barriola igandeko finala prestatzen. Patxi Eugiren aurka maiatzaren 20an jokatu zuenetik buru-belarri ibili da lanean finalera ahalik eta ondoen heltzeko eta, azkenean, badator egun handia. Atanon egindako azken entrenamenduaren ostean hitz egin dugu leitzarrarekin eta lasai aurkitu dugu, etxeko lanak ongi egin dituen seinale.

Finaleko astean sartu gara, zuk ere egin duzu azken entrenamendu saioa Donostian... zer moduzko sentipenekin helduko zara datorren igandera?

Ongi iritsiko naizela uste dut. Esan liteke azken asterako egin beharreko lan guztia eginda egoten dela eta behin azken egun hauetara iritsiz gero, zer esanik ez. Jadanik falta den gauza bakarra finalean erabiliko ditugun pilotak aukeratzea da, hautatutako materialarekin gustura gelditzea, eta beste lan guztia, bai fisikoa bai frontoikoa jadanik eginda dago. Aukeraketaren aurretik azken entrenamendu fisikoa egingo dut -atzo- eta hortik aurrera lasai deskantsatu, gorputza ongi zaindu eta pilotekin gustora gelditu. Horixe da egiten saiatuko naizena.

Gainera, zure kasuan planifikazioa epe luzeagokoa izan da, azken partida jokatu zenuenetik denbora asko pasatu delako.

Beno, buruz buruko azken partida eta gero jokatu nuen beste partida bat Bergaran bikoteka; batez ere horregatik, hilabete bat zuriz jantzi gabe egotea luze samar egiten delako. Baina bai, egia da buruz buru azken partida jokatu nuenetik hilabete pasatu dela, denbora asko. Hala ere, Sebastien Gonzalezek atzerapena eskatu zuenetik finala ere atzera zitekeela banekien. Egun hartan bertan finala ekainaren 17an jokatu behar izateko mentalizatzen hasi nintzen eta alde horretatik ez zait batere gogorra egin denbora gehiago zain egon beharra. Azkenean garrantzitsuena bi pilotariak finalera ongi heltzea da, sasoi betean, eta kasu honetan, biok entrenatzeko nahikoa denbora izan dugula esango nuke.

Finalean Aimar Olaizolaren kontra jokatu beharko duzu, Lau eta Erdikoan bere kontra bi final galdu eta gero. Goizuetakoaz dena esanda al dago?

Biok dohain ezberdinak ditugu. Ni atzelaria naiz eta bera aurrelaria, gauza batzuetan bera abilagoa da eta beste batzuetan ni, baina Aimarretaz hitz egiterakoan, bere dohainik onena defentsa dela uste dut. Tanto oso gutxi erregalatzen dituen pilotaria da eta, horregatik, ni nire mailan ibiltzen banaiz eta bera berean, partida gogorra eta luzea izan daitekeela uste dut. Eta, horregatik, bion prestakuntza fisikoak zer esana izango du nire ustez, garrantzitsua izango da partida aurrera joan ahala.

Donostiako Atano III.a pilotalekuan ez dugu aspaldi goi-mailako partidarik ikusi. Aimarrek lurra gastatu samar ote dagoen aipatu du, hezetasun orbanak ere ba omen daude... Zer moduz dago frontoia zure ustez?

Ongi dagoela esango nuke. Egia esan, obrak luze samar joan dira baina aldaketa handirik ez dute egin. Goiko sabaia ia berdin utzi dute, aldagelak bai, horiek txukundu dituzte, eta gero hormak pintatu egin dituzte. Frontoia polita dago, ongi, itxura ona dauka eta nik behintzat betiko moduan ikusten dut. Pozgarria da finalak berriz ere Donostiara itzultzea eta alde horretatik ez dago aitzakiarik. Irabaztea edo galtzea ez da frontoiaren baitan egongo.

Pilota aukeraketan -gaur eguerdian egingo dute- material motaren bat edo beste espero al duzu bereziki?

Iruditzen zait Aimarrek pilota pisuagoa aukeratuko duela, mantsoagoa, eta nik berriz azkarxeagoa. Nik nahi dudana da biok pozik gelditzea. Pilotak ez daitezela izan ez biziegiak eta ez motelegiak, eta, batez ere, norbera bere pilotekin gustora geratu dadila. Aukeraketa ekitaldia izaten da azken pausoa finalera begira eta garrantzitsua da haserrerik ez egotea.

Amaitzeko, Leitza inguru horretan hasi al da jendea finalarekin urduri jartzen?

Giro oso polita dago. Kalera atera eta, beste gai askoren artean, finala ere hizpide da jendearen artean. Orain arte hala izan da eta hemendik aurrera oraindik eta arrazoi gehiagorekin. Jendea ilusio handiarekin dago, herri txiki hauetan pilota asko bizi da eta txapela berriz ere Leitzara etortzea gauza handia litzateke. Gauza handia bai niretzat eta baita herri osoarentzat ere. Ea hala den!

Asier AIESTARAN

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo