GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ordenantzaren kontra manifestatzera eta UPNren udalaren erasoei erantzutera deitu dute

Jasone MITXELTORENA | IRUÑEA

«Iruñea gu geu» plataformak agerraldia egin zuen atzo Iruñean duela bi aste aurkezturiko manifestuan udal taldeei egindako eskakizunak berresteko asmoz. Horien artean, «gizalegearen aldeko ordenantza» indargabetzea exijitu zuten, «hiritarren arteko elkarbizitza oztopatzen» duelako eta «herritarren eta Udalaren arteko harremana ezinezkoa» egiten duelako.

Aldi berean, legedi berezi horren bidez isunak ordaintzera zigortuak izan diren hiritarrentzako «amnistia» eskatu zuten. Araudi horrek kaleko bat-batekotasuna deuseztea bilatzen duela eta Iruñea «kanpotarrentzako ispilu» bihurtu nahi duela salatu zuten. Alkatetza UPNren esku uzteko aste honetan plazaratutako asmoa ere gogor gaitzetsi zuten. Euren hitzetan, «aldaketarekin konprometitu ziren horiek egoerari eusteko erabakia hartu dute orain, iruzur egin dute».

Horregatik, jendarteari deialdia egin zioten hiriko karrika eta txokoak erabiltzera. UPNren udal aginteak «berak nahi duena egitea inposatzen du» eta horren aurrean alternatiba posible delako, «hurrengo lau urtetan orain arte bezala segitzea ez dugu onartuko, erasoen aurrean erantzuna emateko konpromisoa hartzen dugu», azaldu zuten. Azken asteetako erasoak bereziki salatu eta gaitzetsi zituzten: Alde Zaharreko eguna kolokan jartzea, Arrosadian jaiak oztopatzeko egindako karga eta aste honetan jakin den Iturramako jaien debekua.

Larunbatean «mani+festa» izanen da, 18.00etan eta udaletxeko plazan hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo