GARA > Idatzia > Futbola

ESAIT Venezuela-Euskadi neurketa

Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldea ere Venezuelan izanen da

Euskal selekzioa «nazioartean ezagutzera ematea urrats positibotzat» jo zuten «ofizialtasuna lortze aldera» emanez gero urrats hori

GARA | LEZAMA

Euskal selekzioen Aldeko Iritzi Taldea Venezuelan izanen da datorren astean euskal selekzioarekin batera. Hala adierazi zuten atzo Lezaman emandako prentsaurrekoan.

Ofizialtasunerako bidean, euskal selekzioak bere burua kanpoan ezagutzera ematea positiboa izan daitekeela adierazi zuten irakurri zuten idatzian.

«Uste dugu nazioartean gure selekzioa ezagutzera ematea urrats bat izan daitekeela baldin eta, gero urrats hori ofizialtasuna lortzeko erabiltzen bada».

«Zentzu horretan, uste dugu Venezuelako partida honek aipatutako helburuak aldarrikatzeko aukera polita eskaintzen duela. Ezin dugu ahaztu Venezuelako selekzioak Amerikako Kopan parte hartuko duela Euskal selekzioaren aurka jokatu ondoren», esan zuten.

Venezuelako etxekoak

Horrezaz gain, ESAITeko kideek Hegoamerikako herrialde horretan dagoen euskal komunitatea ere kontuan hartu gura izan zuen prentsaurrekoan, iritzi taldeak eta selekzioak berak ofizialtasunaren aldeko bidean Venezuelak bozgorailu gisa ukan dezakeen garrantziari so.

«Gainera Venezuela euskaldun jatorrizko jende ugari bizi dira, errefuxiatuak barne».

«Beraz, hori guztia kontuan hartuta aukera polita izan daiteke Venezuelan euskal selekzioaren ofizialtasuna lau haizetara aldarrikatzeko», adierazi zuten.

Horregatik, Kataluniara joan ziren bezala, orain ofizialtasuna aldarrikatzera Venezuelara joatea erabaki dute. ESAITeko hiru kide joango dira, hain zuzen: Endika Guarrotxena, Egoitz Askasibar eta Martxel Toledo.

Ofizialtasuna aldarrikatzearekin batera, beronen alde Hegoamerikako herrialde horrekin harremanik sendotzea nahiko lukete bidaldi honetan, aditzera eman zutenez.

«Venezuelako Erakunde batzuekin, -Federazioarekin, komunikabideekin eta abarrekin- harremanak izatea da gure helburu eta horretarako kontaktu batzuk egiteko saiakerak egiten ari gara», zehaztu zuten.

Amaitzeko, Athletic eta Realeko jokalariei Liga dela-eta egun pairatzen duten egoera larria ikusita, «zorte onena opa» zioten ESAITekoek.

Astebeteko bidaia

Prentsaurrekoaren azkenera, bestalde, ESAITeko kideek Venezuelan eginen duten egonaldia ere argitu zuten.

Endika Guarrotxena, Egoitz Askasibar eta Martxel Toledok osaturiko hirukotea gaur goizean bertan abiatuko da Loiuko aireportutik Hegoamerikarantz, eta astebete eginda itzuliko dira Euskal Herrira, hurrengo larunbatean, alegia. Bitartean, Venezuelan eginen dituzten mugimenduen berri emateko ere hitza eman zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo