GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Hogei urte, besterik ez

Prozesu historiko bizkorren (eta 1979an sutu zena horietakoa da) abantaila horixe da: ereiten dituzun bidegabekerien uzta ikusi ez ezik jaso egin behar izaten duzula. Zeuk, bitartekorik gabe. Oinordekoei herentzian uzteko betarik gabe.

Gaza eta Zisjordaniako anabasarekin gertatzen ari den moduan, alegia. Hogei urte dira, xuxen-xuxen, Hamas erresistentzia mugimendu palestinarra sortu zenetik. 1987a zen eta Lehen Intifada sutu berria zen Lurralde Okupatuetan. Ordura arte arabiar diruaren laguntzarekin (eta okupatzaile israeldarren oniritziarekin), «gizarte lan apoliti- koetan» murgilduta zegoen Anaitasun Musulmanaren adar palestinarra, Mendebaldeko «buru argienen» iritzian PAE «erradikal eta terroristaren» kontrapisu kontserbadoretzat hartu behar omen zena, Al Fatah eta gainerako erakunde sekularista guztiak baino mugimendu politiko gogorragoa bilakatu zuten Yassin eta Rantisi buruzagi islamistek. Egunero hankaperatuta aurkitzen ziren jarraitzaileen demandei kasu eginez, besterik gabe.

Eskema atseginei bazter ematea zein nekosoa den erakutsiz, bi urte igaro ziren okupatzaileek Hamas sorberria legez kanpo ipini aurretik. Mugimenduaren ildo teoriko eta estrategikoak ezin argiagoak ziren ordea, eta ordurako Yossi Beilin, israeldar Finantza ministrordea zenak esana zuen: «Gure gobernuak jakin behar luke gauzek [sasoi hartan isilpean egiten ari ziren negoziaketek] ez badute aurrera egiten azkar, Lurralde Okupatuetan, Arafaten PAEren ordez Hamas, Abu Nidal edota Abu Musaren taldeak izango ditugula geure aurrean». Gauzek ez zuten aurrera egin. Atzera egin zuten gogotik, aurrerapauso bakanen bat lortu zenean batez ere. Hamas Al Fatahen kontrapisua ez, baizik gainditzailea izango zela argi geratzen hasi zenean, hilketen errezeta «miraritsua» berreskuratu zuen Israelek (lehen, PAEren aurka erabili zuenean, zer-nolako etekin estrategikoak eman zizkion gehiegi haus- nartu gabe). Eta horrela, beste ehunka arduradun eta ekintzailerekin batera, Yassin eta Rantisi buruzagiak hil egin zituzten.

80ko hamarkadako eskemak atzekoz aurrera ipintzeko goizegi zela iruditzen zitzaielako edo, israeldar estrategek Aginte Palestinarra hondatzen eta Arafat akabatzen jarraitu zuten, hala eta guztiz ere. Langintza hori amaitu dutenean ohartu bide dira bitartean etengabe indartu den Hamasi aurre egiteko beste lanabesik ez daukatela. Bejondeiela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo