GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Plaza guziak berreskuratu

Helburuak bete ditugu. Abiadura handiko kanpaina izan da, eta oihartzunaren lortzeko zailtasunen gainetik, emaitzen igotzea lortu dugu. Ez gara hamarrera iritsi zenbaki absolutuak hartuta, baina benetazko zenbakiak begiratzen baditugu, alegia Ipar Euskal herrikoak, aintzinamendua argia izan da.

Noski, berpiztu zaizkigun errepresio garai hauetan, Bunuze, Gamarte eta Muskuldi bezalako herriek kezkatzekoa badute, biztanleek zainketa berezia lortu dukete jakinez hauteskunde hauetan abertzaleei eman dietela boza. Hemen ez baita informazioa baliatzen egoeren konpontzeko, hobeki zapaltzeko baizik!

Gure emaitzak onak izan direlaren irakurketa lasterra egin du alderdi sozialistak, guttienez seigarren hautes barrutian. Abertzaleei keinua luzatzeko, etxe guzietara hautagaiek igortzen dituzten txostena elebiduna egin dute. Abertzaleei zuzendutako keinua, Allioten aurka eta Alauxren alde. Aukera gutti dauka hautagai sozialistak barne ministroaren botatzeko, ondorioz mezu guziak baliagarriak izan daitezke. Noski, ideia ona litzateke gure MAM ospetsuaren botatzen laguntzea, baina helburu eskasa gelditzen da sozialistekin zer irabazten dugun begiratzen badiogu. Orai arte, egia da 81ean sozialistak preso politikoak askatu zituztela eta auzitegi bereziak desegin zituztela. Baina, horretaz gain zer dugu? 81etik agindu ziguten departamendua alde batera utzi dute, errepresioa emendatzen joan dira eta euskal presoei bizi baldintzak okertu dizkiete, hizkuntz guttituen karta ez dute izenpetu eta ez naiz sartuko hegoaldeko sozialistek euskaldunekiko daramaten politikaren aipatzera, erasoen zerrenda sobera luzea baita. Ondorioz, lasaitasun handiz etxean geldituko gara, eta uhain urdinaren aurka lanetan hasteko prestatuko gara. Ez da hau hizkuntz oso poetikoa, bagenuke beste lanetan aritzeko gogo handiagorik, baina beste bideak ilunduak ditugu. Sekulan baino eraso bortitzagoa jasaten ari gara, azaleko euskal kulturaren itxurazko onarpenak nahikeria frango indar gabetzen baititu.

Lehen egunean Herriko Kontseiluan seinaletika eta argitalpenen elebitasuna eskatzen geniolarik, Urruñako auzapezak erantzun nahiko esanguratsua eman zigun, egoeraren aurrean dagoen axolagabekeria islatuz. Erran zigun ulertzen zuela haurrei eta eskoletan euskararen erakusteko nahia, helduei euskararen erakustearena ere, baina paretetan eta toki guzietan seinaletikaren euskaraz ematearena ez zuen konprenitzen. Eta fede onez zion hori, ez baita eskuindar erradikal horietakoa. Baina, hor dago koska, hemengo hizkuntza gehigarri soil gisa eramatea normaltzat jotzen dute, eguneroko biziko oinarri, benetazko bertako hizkuntza gisa erabiltzea inondik ere. Hau guzia errana kontraesanik ikusi gabe.

Plazaren berreskuratzeko bideak zabaldu beharko ditugu. Hauteskundeetarako plazak hedatzen ditugula irakurri dugu azken emaitzetan, irakurketa horietatik prestatuko ditugu ondokoak, baina beste lanak ez ditugu alde batera utzi behar, gure herriko karriketan euskaltasunaren berrindartzeko beharra nabarmen agerian gelditu baitzaigu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo