Molotoff-ek musika egitarau zabala osatu du jaietarako
Sortzetik, musika eredu ezberdinei tartea eskaintzea izan da Hernaniko Molotoff irratiaren helburuetako bat. Estudiotik irtenda, San Joanetan Ezkiagan jarriko dute txosna eta, bertan, musika hautatzaileak, sound systemak eta kontzertuak izango dira gauero.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
San Joanen ostean programazioa etengo du Molotoff irratiak baina, denboraldi amaiera behar bezala ospatzeko, herriko jaietarako disko jartzaile, sound system eta kontzertuz osatutako egitaraua antolatu dute, zortzigarren urtez jarraian. Irratia sortu zenetik, 1987. urtean, musikari garrantzi berezia eman izan diote eta, Aritz Sound System irratikide eta GARAko zutabegilearen hitzetan, txosnetan ere musika zaintzeko ekimenari heldu zioten: «Txosnetan musika ez da gehiegi zaintzen, halako CD bilduma batzuk egoten dira, rocka, bertakoa zein kanpokoa, izaten da nagusi eta beste musika batzuk ere bultzatzea da gure helburua; beltza, jamaikarra, funkya, soula, jazza, elektronikoa, house...».
Eta halako programazioa aurkeztu dute aurtengo San Joanetarako. Ostiralean Reggae Sound Systemaren gaua izango da; Eskoziako Mungos Hi-Fi musika hautatzaile gisa eta Londresko Kenny Knots mikrofonoan, «Jamaikatik kanpo dagoen reggae abeslari onenetarikoa», irratikidearen hitzetan. Amaitzeko, Aritz Sound System bera ariko da. Larunbatean, Binilozko Xiringak gaua izango da. Izendapenak azaleratzen duen moduan, biniloa izango da jaun eta jabe, Big Up Sound System, dj Prest, Londresko Chakmig, Momotombo eta Rikikuzuren eskuetan. Gaurik elektronikoena izango da. Asteburua amaitzeko, Selektah Kolektiboko kideak ariko dira zenbait gonbidaturekin (121 Crew, Norte Apache, Mix6t, Rapaula eta Raul), astelehenean izango da egitarauko kontzertu bakarra -Nazka eta Scarto, ostean Nokono disko jartzailea-, eta asteartean Laiman (Kanariar Uharteetatik munduko musika ekarriko du), Blue Eye (rap, funky eta Brasilgo musika) eta Dirty Vinyl (elektro eta dub) ariko dira. Jaiei amaiera emateko, dj Talo («eta bere elektro-teknoa, berak deitzen dion bezala») eta Aritz Sound System.
«Guretzat garrantzitsua da beste estilo horiek ere bultzatzea, eta musika jartzeko berariaz ekarritako jendea aritzea nahi genuen, `musika-adiktoak' deitzen diegu guk», azaldu du. Txosnatik kanpo, musika urte osoan zehar zaindu izan du irratiak eta, egun, honi zuzendutako saio ugari eskaintzen ditu Molo-toffek. Zuzenekoak, egunero (igandeetan izan ezik) 18.30etik 23.00etara.