GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Kalakhari

Ines INTXAUSTI
Telebista kritikaria

Pasa den asteko ostegunean bukatu zuen «Kalaka» saioak bere bigarren ibilbidea Euskal Telebistan. Joan den urteko su-etenetik aurtengo su-etenaren eteneraino joan dena, hain zuzen ere. Ez da marka makala gaurko programazio birakaria ikusita. Berriketakideak baino kalakariak sortu ditu mahai inguruan eta, aldi berean, ikus-entzule leialak. Ezagutzen ditut ostiralero ostegun gaueko eztabaidarekin esna jarraitzen duten hainbat lagun. Izen eta guzti ezagutu, gainera, nahiz eta beren intimitatea babesteko duten eskubidea errespetatuko dudan nire mihi sardetua fizatuz. Baina ez dut gauza bera egingo kalakari ospetsuen izenekin. Iñaki Antiguedad, Koldo Martinez, Koldo Goitia, Juan Kruz Lakasta, Imanol Alvarez, Amaia Zubiria eta abar luze baten artean bi aipatuko ditut: Pako Aristi eta Markos Zapiain. Kalakari edo berriketakide izatearen morboaren bi aurpegi. Urrestildarra (barka, Pakiño maitea!) pantailan hasi eta berehalaxe hasi zen bere burua han hemenka garbitzen «besteek zer esango duten» beldur zaharkituari aurre eginez. Gure gizarteak -euskal gizarte kristauak- telebistan ateratzeari dion aurreiritzia neurrigabekoa da. Gardentasunaren izenean kritikari hauek beren etxeko lau hormen artean zer egiteko gauza diren, ordea, ez dut pentsatu ere egin nahi, ama! (sadikoanalismoa). Baina bertzea epaitzeko zaletasuna frontoiko pareten kontra aritzekoa baino esanguratsuagoa da gurean. Pakoren beste aldean Markos komandantea dugu. Zapiain hain zuzen ere. Buruhezurra da kalaka hitza Mexikon eta lagun irundarrarena ez dago batere hutsik. Ausardiaz eta xumetasunaz jokatu du beti. Inolako imintziorik egin gabe. Seguru nago Markosi besteek esaten dutena bost axola zaiola. Betiko txandalarekin agertu da jonkiak bezalaxe (kulturjunkia bera) eta filosofiaz, umorez, adimenez eta ironiaz hartu dio asteroko hariari adarretik. Azkenaurreko egunean, alderdikeriarik eza zela medio, mahaian ETAkiderik bota zuen faltan su-etena eteteaz aritu zirenean. Une hartan imajinatu nuen Markosen ondoan halako laguna buru-estalkiz. Mahaian baino mihian Markosek jantzi ez duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo