GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Herri Kirolak Desafioa

Txapartegik 7,5 kiloko aldearekin irabazi du apustua

Aizarnakoak hiru minutu pasako aldea kendu zion aizkoran, eta hori erabakigarria izan zen

Jon LEUNDA | OIARTZUN

Luix Txapartegik irabazi zuen atzo Pikoketan jokatutako apustu mistoa. Desafioa ezin estuagoa izan zen, eta ordu eta erdiko lanaren ostean, 7,5 kiloko aldea bakarrik egon zen.

Jende asko batu zen Pikoketan: 700 ikusle inguru. Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, euria izan baitzen apustuko protagonista nagusia. Hala ere, jendeak ez zuen hutsik egin. Dirua, berriz, pare samarrean atera zen. Une batzuetan Txapartegiren alde zegoen, eta bapatean, Lasaren aldeko joera hartzen zuen. Horrek argi eta garbi uzten du zaleek Pikoketako apustua oso berdinduta zegoela uste zutela.

Hasteko, hamar enbor erdibitu behar zituzten: lau oinbiko eta sei kana-erdiko. Gero, ordu eta erdi bete bitartean, segan aritu beharra zuten. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatu zituen dirutan.

Aizkoran Txapartegi zen faboritoa. Lehen Mailako finalean izaten da Aizarnakoa, eta Legorretakoa, Hirugarren Mailakoan. Ez zen ezusterik izan, baina agian askok uste baino tarte txikiagoa atera zuen Txapartegik. Oinbikoak ziren Aizarnakoak plazaratu behar zituen enborrak, eta kana-erdikoak, berriz, Lasak plazaratu zituenak. Hasieratik hartu zuen aurrea Txapartegik, eta aizkorako lanak amaitu bitarte nagusi izan zen.

Lehen enborrean 19 segundoko aldea zuen irabazleak, eta hortik aurrera aldea gehitzen joan zen gutxinaka-gutxinaka. Lan erdietan minutu eta 35 segundoko aldea zuen bere alde. Bigarren itzulian, bigarren 60 ontzakoan, Lasari adar handi bat egokitu zitzaion, eta hor tarte dezentea galdu zuen. Hain zuzen ere, hor lortu zuen zuloa egitea Aizarnakoak. Aizkorakako lanak amaitutakoan, hiru minutu pasako aldea zuen alde Txapartegik.

Segan hasi zirenean, irabazlea askoz freskoago ikusten zen. Sailetan askoz ere aurrerago zegoen, baina Lasak belarra askoz ere beheragotik ebakitzen zuen, eta pisua, han zegoen. Hala ere, Txapartegik apustua aise irabaziko zuela zirudien. Ez zen horrela izan: 3.684,5 kilo moztu zituen Txapartetgik eta 3.677 kilo Lasak.

Txapartegiren aizkorako denborak hurrengoak izan ziren: 5.50, 13.00, 15.10, 17.45, 20.10, 27.55, 35.58, 38.35, 41.39 eta 43.48. Lasarenak, honako hauek: 6.09, 13.48, 16.19, 18.48, 21.35, 29.21, 38.44, 41.37, 44.22 eta 47.10.

Epaile ofizialik gabe jokatu zen norgehiagoka

Kirolarien eta epaileen artean ez da apustu honetarako akordiorik egon, eta atzo jokatu zen desafioan ez zen epaile ofizialki izan. Horien lekua, aizkolari eta segalari ezagunek bete zuten. Ondorioz, Pikoketako norgehiagoka inongo arazorik gabe eraman ahal izan zen aurrera.

Zaleek ez zuten faborito garbirik izan

Atzoko eguna heldu aurretik ez zegoen faborito garbirik, eta atzo ere ez zen izan. Hori diruaren joeran ikusi zen argi eta garbi. Une batzuetan Txapartegiren aldeko joera hartzen zuen, baina berehala aldatzen zen beste aldera, inork ez baitzuen ezer garbirik ikusten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo