GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Arnaldo Otegi zuzenean negoziazio mahaitik espetxera eramana izan da»

Arnaldo Otegi berak entzuteko moduan aritu ziren berrehun bat lagun bere askatasunaren aldeko leloak oihukatzen Martuteneko espetxe atarian, ezker abertzalearen deialdiarekin bat eginez. Baina Otegiren askatasuna aldarrikatzeaz beste, prozesu politikoaren aldeko konpromisoa berresteko probestu zuten protestaldia. Baita, errepresio estrategian sakontzeko tentazioa duten alderdiak ohartarazteko ere.

Gari MUJIKA | DONOSTIA

Ezker abertzaleak agerian utzi zion atzo PSOEri ez duela inolako zentzurik ezker abertzaleko mintzakideak espetxeratzea eta beraien jarduna galaraztea benetako apostua gatazkaren konponbiderako prozesu politikoa indarrean jartzea bada. 80ko hamarkadaz geroztik ezker abertzalearen mintzakidetzako kide izandako ordezkariak Martuteneko espetxe atarian elkartuz irudikatu zuten Pernando Barrenak hitzez salatu zuena. Era berean, Arnaldo Otegiren berehalako askatzea exijitu zuten eta errepresioaren alde agertzen direnei, ordea, ezker abertzalearen «lehentasuna» eta konpromiso irmoa Euskal Herrian prozesu demokratiko bat irekitzea dela ihardetsi zieten.

«Arnaldo Otegi zuzenean negoziazio mahaitik espetxera eramana izan da», salatu zuen Pernando Barrena Batasuneko mahaikideak Donostiako kartzela atarian, alboan ezker abertzaleko deialdiari jarraiki bertaratu ziren berrehun lagunetik gora zituela. Hain zuzen ere, bertan dago kartzeleratuta Elgoibarko politikaria. Otegiren askatasuna exijitzeko elkarretaratzeak ordu erdi iraun zuen.

Baina Otegiren askatasuna aldarrikatzeko protestaldia iza- teaz beste, ezker abertzaleak prozesu demokratikoarekiko duen prestutasun eta konpromiso irmoa nabarmentzeko ere baliatu zuten kontzentrazioa. Larogehigarren hamarkadatik egundaino ezker abertzaleko mintzakide izandakoak bildu ziren; hala nola, Rafa Diez, Eugenio Etxebeste Antton, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Tasio Erkizia, Txomin Ziluaga, Unai Fano, Arantza Santesteban edota Karmele Aierbe.

Errepresioaren antzutasuna

«Oztopo guztien gainetik», eta euskal gizarteak horrela nahi duelako, ezker abertzaleak elkarrizketa eta negoziazio prozesu politiko baten alde lanean temati jarraituko duela berretsi zuen birritan Barrenak.

Otegiren espetxeratzea gatazka konpontzeko prozesuan ezinbestekoa den mintzakidetzaren aurkako «eraso zuzena» dela salatu zuen politikari naparrak. Eta Barrenaren esanetan, hori horrela suertatu da, batik bat, EAJk eta PSOEk «herri honetan irekita dagoen aukera histori- koari, bake eskenatoki bat egonkortzeko aukerari, ezezko borobila» eman diotelako.

Hala ere, egun, eta oraindik, gatazka politikoa gainditzeko baldintzak eta aukerak berean jarraitzen dutela defendatu zuen Batasuneko mahaikideak, eta behin eta berriz nabarmendu zuen ezker abertzalearen «lehentasuna» eta konpromisoa prozesu politikoa errealitate bilakatzea izango dela.

Ohartarazpenak ere egin zituen. Hala, ezker abertzalearen aurkako errepresioaren «garai ilunetara» itzultzeko egiten ari diren deiak antzuak izango direla aurreratu zuen.

Mahaikide naparraren esanetan, «mintzakidetza lanetan ibili garenok badakigu errepresioak ez duela ezer onik ekartzen; errepresioak ez gaitu inondik inora ere hurbilduko eskubideen bermean oinarritutako eskenatoki batera, eta, beraz, berriro ere errepresioaren aldeko errezetak erabiltzeko tentazioa dutenei zera esan nahi diegu: berriro ere hortan saiatzen badira, berriro ere, besteetan bezala, porrot egingo dute».

«Berriro ere»

Pernando Barrena: «Berriro ere errepresioaren aldeko errezetak erabiltzeko tentazioa dutenei zera esan nahi diegu: berriro ere hortan saiatzen badira, berriro ere, besteetan bezala, porrot egingo dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo