saskibaloia ACB Ligako finala
Reyesek lehen puntua eman dio Real Madridi finalean
Erreboteko nagusitasunak memento txarretan eusteko balio izan zien etxekoei. Ostean, azken laurdeneko 2-3 zonari eta hiruko jaurtiketei esker irabazi zuten
Arnaitz GORRITI | DONOSTIA
Ez ditu lagun asko ACB Ligan, baina bai izaera gogorra eta maila aparta. Felipe Reyes du izena eta Real Madrideko buruzagia da. 17 puntu eta bederatzi erreboterekin, bere taldeari merezitako garaipena eman zion atzo ACB Ligako finaleko lehen partidan. Madrildarrak 69-62 nagusitu ziren Winterthur FC Bartzelonaren aurka .
Tentsioa izan zen nagusi finaleko lehen neurketan. Defentsak gain hartu zion erasoari, batik bat kanpoko jokalariei dagokionez. Hala, madrildarren eta katalanen bi izarrek, Bullockek eta Navarrok alegia, gorriak eta bi ikusi behar izan zituzten puntuak sartzeko. Aitzitik, barruko jokalariek, Hervellek edo Fran Vazquezek kasu, askoz errazago ikusi zuten aurkariaren saskia, batez ere erasoko erreboteen edota blokeoen ostean.
Erritmo bizian jokatzea nahi zuten Ivanovicenek, eta lehenengo laurdenean, lortu zuten. Ondorioz, Real Madridek Bartzelonakoen erritmoan dantzatu behar izan zuen.
Madrildarrak, geldirik hobeto
Lehenengo laurdena 18-21 atzetik amaitu arren, bigarrena bestelakoa izan zen. Tunceryren eskutik, madrildarrek erritmoa jaitsi zuten eta jokoa asko hobetu zuten.
Bartzelonakoek bost jaurtiketa libre huts egin zituzten eta Alex Mumbruk lan ona egin zuen saskipean etxekoentzat. Hervelle eta Reyesen eskutik, atsedenaldira 38-33 iritsi ziren.
Hirugarren lurdenetik aurrera saskiratze bakoitzak meritu izugarria hartu zuen. Dena den, Bartzelonak buelta eman zion partidari Navarro eta Lakovicen eskutik. Alabaina, Reyesen saskiraketa batek hirugarren laurdena 46-46 utzi zuen.
Azken laurdenean eman zuen kolpea etxeko taldeak. Izan ere, errebote eta defentsa indartsuari hiruko jaurtiketetan asmatzea gehitu zion.
Azken laurdenean, 2-3 zona ezarri zuen Joan Plazak eta bapo atera zitzaion, katalanek behin eta berriz huts egin baitzituzten beraien jaurtiketak. Aldiz, Hervellek eta Tomasek ez zuten hutsik egin. Ondorioz, lehen puntua lortu zuen Real Madridek.
Polemikoa eta zakarra izateagatik arerio ugari ditu ACB Ligan Felipe Reyesek. Aldiz, bere izaera eta mailari esker, Real Madrideko buruzagi bihurtu da. Atzo lortu zituen 17 puntu eta bederatzi erreboteak erabakigarriak izan ziren.
Winterthur FC Bartzelonak hamaika hutsegite egin zituen arinegi jokatzeagatik; larrienak jaurtiketa libreetan eta erasoko errebotean. Irabazteko aukera izan zuen arren, larrutik ordaindu zituen hankasartzeok.