GARA > Idatzia > Kultura

«Biolina zure gorputzeko beste atal bat bezala sentitu behar duzu»

XABIER DE FELIPE
Biolin-jolea

Hogei urte bete berri dituela, Alemaniara joateko maletak egitear dago Xabier de Felipe bilbotarra Schleswig-Holstein Nazioarteko Gazte Orkestrarekin bat egiteko. Eserleku bat du talde ospetsuan, bost kontinenteetako musikarien alboan. Beraiekin emango du uda, irailean berriro Musikene ikastegian bere formazioarekin jarraitzeko.

Izaskun LABEAGA | BILBO

Schleswig-Holstein Nazioarteko Gazte Orkestra 1987an sortu zen Salzau Gazteluan ospatzen den Schleswig-Holstein musika jaialdi ospetsuari lotuta. Christoph Eschenbach pianista handiak zuzentzen du eta urtero mundu osoko gazteei bi hilabeteko esperientzia eskaintzen die. Aurten, euskaldun bat dago tartean: Xabier de Felipe. Alemanian, Brasilen eta Hungarian 17 kontzertuko bira egingo du formazio horrekin.

Schleswig-Holstein Nazioarteko Gazte Orkestrako bidaia txartelak balio handia izango du zuretzat, ez?


Zein maila lortu dudan ikusteko modua ematen dit. Izan ere, urte guzti hauetan egin dudan lanak fruituak ematen hasi dela erakusten du. Poz handia ematen dit nire lanak emaitzak eman dituela ikusteak.

Noiz joango zara Alemaniara?

Datorren uztailaren 8an joango naiz eta han ibiliko gara orkestrarekin bi hilabetetan zehar, irailaren 3a arte. Alemania osoan zehar, Brasilen eta, azkenik, Hungarian joko dugu. Orkestrarekin ibiliko gara, baita kamara musikako taldeekin kontzertuak ematen ere. Schleswig-Holstein Gazte Orkestrako probatara aurkeztu naizen lehen urtea izan da. Orkestra goitik behera berriztatzen da urtero eta hurrengo urtean berriro aurkeztuko naiz orkestra honetara zein beste batzuetara.

Urte ona izan da hau zuretzako, saritua ere izan baitzara.

Bai, Caja Madrideko Kamarako Lehiaketara aurkeztu nintzen Musikeneko Kintetoarekin. Epaimahaiak espainiar Estatuko erkidego guztiak bisitatu zituen eta Acordes 2007ko irabazle bezala hautatu gintuen. Kontzertu bat egingo dugu laster Madrilgo Antzoki Monumentalean; zuzenean jarraitzeko modua izango da telebistatik zein irratitik.

Lehiaketetan aritzea nahitaezkoa da musikari batentzat?

Ni ez naiz oso zalea baina alde ona dute, zalantzarik gabe: zure burua ezagutzera ematen duzu, diru-laguntzak ematen dizkizute eta, irabaziz gero, kontzertuak lor ditzakezu. Alderdi lehiakorra ez dut gustuko, baina hortik pasatu beharra dago.

Irailean Musikenera itzuliko zara hirugarren kurtsoa egitera. Keiko Wataya irakasle japoniarrekin jarraituko duzu? Zein izan da berak eman dizun ikaskuntza nagusia?

Bi urtez egon naiz berarekin eta beste bi emango ditut. Aukera izugarria da eta saiatuko naiz lau urte hauek ondo aprobetxatzen. Oso gustura nago irakasle japoniarrarekin eta bere esanak nire biolinarekin ehuneko ehunean aplikatzen ahalegintzen naiz. Irakasteko modu berezia du, ekialdeko filosofian oinarritutakoa. Erlajazio teknikak erakutsi dizkit biolinari aplikatzeko eta, alderdi teknikotik, laguntza izugarria eman dit. Pertsona bakoitzari bere hutsuneen araberako irakaskuntza ematen dio. Kamaleonikoa dela esango nuke: ikaslearen beharretara moldatzen da. Oraindik asko dut ikasteko Watayarekin.

Disziplina handia eskatzen du musika-tresna horrek. Zer da zuretzat zailena?

Konstantzia mantentzea da zailena. Egunero jo behar duzu, lan gogorra egin behar da etxean. Pazientzia handia eskatzen du. Pertsona musikala izatea ez da nahikoa biolin jole bezala karrera egiteko. Zure musikalidadea adierazteko biolina duzu eta biolina guztiz kontrolatzen ikasi behar duzu, zure gorputzaren beste atal bat izango balitz bezala erabili behar duzu. Zure gorputzetik kanpo sentitzen baduzu, mugatuta zaude eta oso zaila da teknikoki aurrera jarraitzea.

Lortu duzu?

Horretan nabil.

 
Lehiatu beharra

«Ni ez naiz lehiaketa zalea, baina alde ona dute, zalantzarik gabe: zure burua ezagutzera ematen duzu eta diru-laguntzak ematen dizkizute»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo